Udal Artxiboa «arriskuan» dagoela salatu du haren ataleko buruak
Udal Artxiboaren ataleko arduradunak gutun bat igorri dio hedabide honi, eraikina “arriskuan” dagoela salatzeko. Belen Martinez Menendez arduradunak aipatzen duenez, “artxiboak ez du suak itzaltzeko sistemarik”.
Arazoak 2021eko irailaren 1ean hasi ziren, Udal Artxiboaren egoitza berriak martxan sei hilabete baino ez zeramatzanean. Egun horretan, suteen aurkako alarmak ezustean jo zuen, eta horrek gertakari kate bat ekarri zuen: “Gasaren kanalizazioko hodia hautsi egin zen presioaren ondorioz, eta klimatizazio hodia jo zuen. Ondorioz, hodia erori egin zen”. Ataleko buruaren esanetan, “gertakari horrek agerian utzi zuen suteak itzaltzeko instalazioak ez zuela behar bezala funtzionatzen”. Ordutik hona hainbat esku hartze egin badira ere, Martinez Menendezek dio “muineko arazoak bere horretan” jarraitzen duela.
Era berean, artxiboaren ataleko arduradunak salatu du “zenbait hilabete” daramatzala gordetegian dauden baldintza “gorabeheratsuen” berri ematen. 1. gordetegian, esaterako, %70eko hezetasuna atzeman izan dute —dokumentazio historikoa gordetzen da bertan, horietako hainbat paperezko eta pergaminozko euskarrietan, eta larruzko eta argizarizko elementuekin—; eta 5.ean, berriz, %90ekoa.
Artxibo digitalari dagokionez ere, Martinez Menendezek nabarmendu du Donostiakoa dela hiriburuetako artxibo bakarra ez duena “e-Artxibotik eratorritako beharrei eta betebeharrei erantzuteko gai den dokumentu kudeatzailerik”. “Dokumentazio historikoaren kopia digitalen 200 TB ditugu, eta horien erdiak baino gehiagok herritarren eskura egon beharko lukete dagoeneko udalaren webgunean, klik batean eta doan. Ordea, ez da hala”, kritikatu du artxiboaren ataleko buruak. Hortaz, aipatzen du udalak ez diola “jaramonik egiten” ondare dokumentala digitalki zaintzeko gomendioari, eta ez dituela “artxibo estandarrak betetzen”.
Martinez Menendezek Udal Artxiboaren egoerak hiritarrengan izan ditzakeen eraginak gogoratu ditu: “Artxiboak funtsezko zerbitzuak dira jendarte demokratiko batean”. “Egia jakiteko eskubidea” egikaritzeko artxiboen garrantzia nabarmentzen du bertako arduradunak, norberarena zein kolektiboa: “Memoria kolektiboa ahanzturatik babesteko artxiboak eta frogak gordetzeko betebeharra dago, giza eskubideen urraketen testigantzak baitira”. “Identitatearen bilaketan” ere artxiboek duten garrantzia aipatzen du Martinez Menendezek.
Alkatearen erantzuna
Eneko Goia alkateak akusazio horiei erantzun nahi izan die Tokiko Gobernu Batzordearen ondorengo ohiko prentsaurrekoan. Alkateak gezurtatu egin du Udal Artxiboaren ataleko arduradunak esandakoa, eta baieztatu du lekuak baduela suak itzaltzeko sistema: “Sistema berri bat jarri zen, eta horrek arazoak eman zituen. Suteak detektatzeko sistemak beti funtzionatu du, eta egungo egoera da suterik gertatuz gero eskuz erantzun beharko litzatekeela, orain arte egin den bezala”.
Horri lotuta, sistema hori ezarri zuen enpresa instalatzaileari egotzi dio orain arte arazoari irtenbidea eman ez izana: “[Arazoa gertatu zenean] bermearen barruan geunden, eta enpresa instalatzaileari erreklamatu genion konponketa, baina enpresak uko egin dio konponketa egiteari”. Hori dela eta, adierazi du udalak “bere gain” hartuko duela konponketa, eta gero enpresari eskatuko diola lan horiek ordaintzeko: “Ziurrenik kasu honek epaitegietan bukatuko du”.
Hala, alkateak arduradunaren hitzak gaitzetsi ditu, udala gaiarekin “erabat gainean” dagoelakoan: “Ez zait jokabide egokia iruditzen, fede txarrez egin dela ematen du”. Dena den, ataleko buruak hezetasunaren inguruan aipatu dituen arazoei buruz ez du erantzunik eman, galdera egin zaion arren.