Andres Arizkorreta Garciari Gipuzkoako Urrezko Domina emango diote
Aldundiak jakinarazi du Andres Arizkorreta Garcia donostiarrak jasoko duela 2023ko Urrezko Domina, Gipuzkoako “garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egindako ekarpenagatik”. Arizkorreta Garcia CAFeko presidentea da egun.
Urrezko Domina aldundiak ematen duen aitortza gorena da, eta Eider Mendoza ahaldun nagusiak nabarmendu du Arizkorreta Garciak Gipuzkoako jendartearen “balioak eta egiteko moduak” ordezkatzen dituela. Domina jasotzeko ekitaldia datorren urtarrilaren 12an egingo dute.
Azkenaldian kritikak jaso ditu CAFek, enpresak Israelen dituen proiektuengatik Palestinako lurren okupazioa onartzea eta Israel egiten ari den genozidioaren “konplize” izatea leporatzen baitiote. Tel Aviveko tren arina eta Jerusalemeko linea berdea eta gorria eraikitzea ditu esku artean CAFek, eta horretarako ehun langile baino gehiago ditu Israelen.