Donostiako suhiltzaileek positibotzat jo dute Goiarekin izandako azken bilera
Donostiako Udaleko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua (SPEIS) osatzen duten langileen kolektiboak positibotzat jo du Goiarekin izandako azken bileran, udalak zerbitzua hobetzeko izan duten prestutasuna. Langileek azaldu dutenez, abuztutik alkatearekin biltzeko itxaroten egon dira, “zerbitzuaren antolamendu kaosa, prebentzio ezintasuna eta murrizketa operatibo larria” izan arren. Hilaren 16an bildu ziren azkenekoz, zabaldutako oharrean jasotzen denez, eta besteak beste, zerbitzuaren zuzendaritza, inbertsioa eta lan taldearen osaketa izan zituzten hizpide.
Zuzendaritzari dagokionez, udalak kolektiboaren beharrei erantzun die. Lan taldeak, ordea, zehaztu du, udalaren betebeharra zela, eta ez eskaera bat. Era berean, UNESPA aseguru elkarteak udalari ematen dion inbertsioa — ia milioi bat euro– suhiltzaileen zerbitzura bideratuko zela azaldu zuen Goiak, suhiltzaileen txostenaren “eskaera batzuei erantzuteko aukerarik” ez izan arren, oraingoz.
“Langileekiko konpromiso zehatzik ez zegoela ikusita”, bestalde, 2024 urterako gutxieneko lan taldea osatzeko eskera egin zioten langileek. Ildo horretatik, udalak “hamaika langilez osatutako lan taldea” onartu zuela azaldu dute, eta “aurrerago erantzungo zitzaiola” hurrengo suhiltzaile kopurua hiru plazatan handitzeko eskaerari.
Administrazioarekin adostasunak lortu arren, langileek “kontuz ibili” behar direla diote, aurrekontu proiektuan egiaztatzeke baitago Udal Gobernuak langileriaren, gastu arruntaren eta inbertsioen kapituluei dagokienez duen konpromisoa: “Jakinarazi dizkiguten proposamenak adabaki txiki bat baino ez dira, zerbitzua eta SPEISeko lan taldea egoera larrian dauden tirita txiki bat; eta datorren urteari aurre egiteko baino ez dute balio, lan dosierrean ezarritako beharrak negoziatzen jarraitzen den bitartean”. Horrenbestez, funtsezkotzat jotzen dute ordezkatzen dituzten taldearen eta udalaren arteko lantaldea sortzea, aurretik egindako txostenean jasotzen diren aldaketa guztiak lantzeko.