GOe eraikitzen hasi nahi duten lekuan lur kutsatua egon daitekeela ohartarazi dute
SOS Manteo plataformak salatu duenez, Basque Culinary Centerrek (BCC) egin nahi duen eraikin berriaren lekuan lur kutsatua egon daiteke, eta bertan lanean hasteak “hauts toxikoak” azalera ditzake: “Itxura guztien arabera, orubean lur kutsatuak egon daitezke”.
Plataformak azaldu duenez, BCCk kontratatutako azterketa geoteknikoan aipatzen da lursail horretan “betelan artifizial heterogeneoen ia bost metro” daudela, eta horien artean “eraikuntzako materialen hondarrak” daudela. Betelan horiek Gros auzoaren zabalkundea eman zenean egin zituztela uste du SOS Manteok, aurreko mendeko bigarren erdialdetik aurrera: “Lurzorua kutsatzen duten substantziak egoteko probabilitatea oso handia da, baita amiantoa ere, iraganean eraikuntzan asko erabili baitzen”.
Hala, plataformak kezka adierazi du, horrek inguruko bizilagunen eta bertatik igarotzen direnen “osasuna arriskuan” jartzen duelakoan. Era berean, gogoratu du legeak horrelako kasuetan jokatzeko zenbait prozedura ezartzen dituela, eta “ziur” daude udaletik ez dela horrelakorik egin. Hori dela eta, udalari “esku har dezala” exijitu diote, eta biharko (hilak 23) udalbatzarrean gaia jorratzeko bide eman dute —EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak eskaerak erregistratu dituzte gai honen harira—. “Oraingo honetan kontua ez da Manteon BCC berria eraikitzearen alde edo aurka egotea, baizik eta legeak ezarritakoa betetzea eta donostiarron osasun publikoa bermatzea”, esan du SOS Manteok.
Lanekin oraindik hasi ez badira ere, astearte honetan hasi ziren eraikina joango den ingurua hesitzen.