Hilero autorik gabeko igande bat ezartzea proposatu du Victor Lasak
Elkarrekin Donostiako bozeramaile Victor Lasak “herritarren artean mugikortasun jasangarrirako ohitura aldaketa sustatzeko” proposamena aurkeztu du: hilero autorik gabeko igande bat ezartzea Donostian. Azaroko udalbatzarra bihar (hilak 23) egingo dute, eta proposamena hara eramango du Lasak.
Koalizioaren bozeramaileak adierazi du bere proposamena “esperientzia baliagarria” izan daitekeela “oinezkoentzako lehentasunezko eremuak identifikatzeko, baita aldi baterako oinezkoentzako gune itzulgarrien funtzionamendua ebaluatzeko ere”. Hiriaren erdigunean hasi daiteke autorik gabeko igandea ezartzen, eta “ondoren, hiri osoan zehar txandakatu, gainerako auzoek autorik gabeko igandeaz goza dezaten, baita ere”. “Herritarrek mugitzeko modu berriak esperimentatzea erraztu behar dugu, ibilgailu motordunen trafikoari lotutako presiorik eta arriskurik gabe”, gehitu du.
Halaber, udal gobernuari eskatu dio “pixkanaka-pixkanaka, hiri osoan zehar aldi baterako oinezkoentzako jarduera itzulgarriak sar ditzala, herritarrek, garraio publikoak eta kaleko negozioek aldaketa mota horietara egokitzeko aukera izan dezaten 2024ko bigarren hiruhilekoa baino lehen”. Horrez gain, Lasak nabarmendu du esperientzia horrek aukera emango liokeela udal gobernuari Emisio Gutxiko Zonaren simulazioak hasteko.
Elkarrekin Donostiakoaren arabera, onura hauek izango lituzke egitasmoak: Begi-bistakoena, emisioen murrizketa klima aldaketaren aurkako borrokan. Baina osasun publikoan aurreztea ere badago, korrelazio zuzena baitago airearen kalitatearen eta gaixotasun kardiobaskularren artean, eta trafiko zarataren eta alzheimerraren hedapenaren eta zahartzaroko dementziaren artean. Era berean, azpiegitura grisaren mantentze lanetan aurreztea, trafikoaren kudeaketan aurreztea, erregaiaren kontsumoan aurreztea (urtean %3-5 inguru) edo energia kudeaketan aurreztea, bero uhartearen efektuari aurre egiteagatik”. “2016ko azterlan baten arabera, tokiko merkataritza % 49 handitu zen kaleak oinezkoentzat bihurtzean; izan ere, oinezkoek eta txirrindulariek gehiago erosten dute eta sarriago bisitatzen dituzte dendak”, gaineratu du.