«Pobrezia epistemologikoari» aurre egiteko nobela beltza argitaratu du Fito Rodriguezek
Fito Rodriguez (Egia, 1955) idazleak Polloekoak liburua argitaratu du. Hainbat liburu mota idatzi ondoren —saiakerak, gehienbat—, honakoa du lehen eleberri beltza, eta erregistro hori baliatu nahi izan du “orainaldiko literatura” egiteko.
Izan ere, lana “gaur egun dagoen iruzurkeria eta ustelkeria salatzeko beharra” zuelako idatzi duela aitortu du, tartean, De Miguel auzia: “Merezi du kontatzea, eta literaturak horretarako balio du”. Bere garaian Alfonso Sastrek eta Txillardegik egiten zutena egiten saiatu omen da, “bere xumean”. Rodriguezen hitzetan, “mundua ulertzeko gero eta txiroagoa” da jendartea, eta lan honekin “gizarte hermeneutikarako baliabideak” eskaintzen saiatu dela dio.
Liburuaren protagonista Teles da, errefuxiatu politiko ohia, eta harekin batera bere lagunak ere nabarmentzen dira. Elkarrekin egiten dituzten mendi ibilaldiek eta istorioek harilkatuko dute trama. Gainera, Rodriguezek aurreratu du eleberrian protagonistek egiten dituzten ibilbideak Lurgidaren webgunean ikusgai egongo direla.
Liburua DDT argitaletxearekin kaleratu du Rodriguezek, “argitaletxe komertzialek liburu hau maite ez dutelako”, baina “oso pozik” dago DDT argitaletxeak eskaini dion aukeragatik. Onartu du beste argitaletxe batzuen atea ere jo duela, baina ez dutela liburua argitaratu nahi izan: “Zenbait testutarako ez dago tokirik gure ohiko argitaletxeetan”. Dena den, “mota guztietako idazkera” aldarrikatu du, baita argitaletxe ezagunenen aurka ez dagoela adierazi ere.