3.000 euroko isuna ordaindu beharko du Realak, zaleek Benficaren zelaian bengalak pizteagatik

UEFAk 3.000 euroko isuna jarri dio Realari, realzaleek Benficaren zelaian urriaren 24an piztu zituzten bengalengatik. Gainera, Realak abisua jaso du Gazte Mailako Txapeldunen Ligan taldeak izandako “jokabide desegokiagatik”, eta baita Anartz Segurolak bi partidako zigorra jaso duela ere.
Benficako zaleak Anoetan
Benficak bere webgunean jakinarazi du bere zaleek ezingo dutela joan Txapeldunen Ligan bisitari gisa jokatuko duen hurrengo partidara, UEFAk jarritako debeku bat dela eta. Partida hori abenduaren 12an izango da, Salzburgoren aurka, aurtengo edizioko multzoen faseko azken jardunaldian, hain zuzen ere. Horrez gain, UEFAko Kontrol, Etika eta Diziplina batzordeak 25.000 euroko isuna ezarri dio Lisboako taldeari.
Bi isunak Benficako zaleek azaroaren 8an Anoetaren inguruan eta barruan eragin zituzten istiluen ondorio dira. Partidako zenbait unetan, Benficako zaleek bengalak jaurti zituzten realzaleen harmailetara.