Auzoko establezimenduetan kontsumitzea sustatzeko kanpainak abiatu dituzte Grosen eta Antiguan

Gabonen aurrekari gisa, merkataritza kanpaina bana abiatu dute Grosen eta Antiguan, herritarrak auzo horietako establezimenduetan kontsumitzera animatzeko. AntiguON eta dGros merkataritza elkarteek abiatu dituzte kanpainak, biak ala biak Gipuzkoako Merkatariak federazioan integratutako elkarteak.
AntiguON, Gabonak eta zu deitu diote Antiguako kanpainari, eta 40 saltokik baino gehiagok hartuko dute parte, abenduaren 19ra arte. Establezimendu horietan kanpainan zehar kontsumitzen duten pertsonei 100 euroko hamar erosketa bonuren zozketan parte hartzeko txartelak emango dizkiete. Horrez gain, 600 eurotik gorako balioa duen Gabonetako saski handi bat ere zozkatuko dute.
Grosi dagokionez, Zuk argitzen duzu Gros deitzen da kanpaina, eta erakusleihoetan jarritako argiekin identifikatu ahalko dira parte hartuko duten establezimenduak. Abenduaren 23ra arte egongo da martxan kanpaina, eta hainbat erosketa bonu zozkatuko dituzte —guztira, 2.000 euroko balioa dutenak—, baita 105 errege opil artisau zozkatu ere.