Kultura, gizarte inklusiorako tresna gisa
Emausen 'Nomada' jaialdiak diziplina artistiko ugari baliatu ditu urtarriletik landu dituen hainbat proiektuetan. Asteburu honetan, lan horien emaitzak irudikatuko dituzte hiriko zenbait txokotan, antolatu dituzten tailerren bitartez.

Emaus Gizarte Fundazioak Nomada jaialdia ekarriko du asteburuan, gizarte bazterketa arriskuan daudenen errealitatea kulturatik ikusarazi eta inklusioaren alde lan egiteko. Fundazioak lau egunetan osatu du egitaraua, eta astelehenera bitarte, lantegiek, solasaldiek, erakusketek eta ikus entzunezko emanaldiek isilarazitako pertsonen ahotsak entzunaraziko dituzte. “Kultura egitarauaren bitartez zaurgarritasuna ikusaraztea bilatzen dugu. Jaialdiaren protagonistak kale egoeran dauden pertsonak dira, gure eguneko eta gaueko zentroen erabiltzaileak, alegia”, azaldu du Aitziber Zubillaga, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendariak.
Emausek bideratzen dituen gizarteratzeko prozesuko proiektuetako ehun lagunek hartu dute parte jaialdiko ekitaldietan, baita lankidetzan izan dituzten lurraldeko hamar kultur agente eta DBHko ehun ikasle ere. “Interesgarriena da lanketa honetatik etorkizunerako geldituko diren emaitzak. Elkarlanean ibili diren kultur eragile horiek bestelako begirada bat izango dutelako kultur jarduera berriak egitera doazenean”, azaldu du Zubillagak. Era berean, asteburu honetako emaitzak baino, egindako lanketan jarri nahi dute fokua, Begoña Cabaleiro Komunikazio arduradunak azaldu duenez, “ezinbesteko tresna baita, gizarteratze prozesuan daudenentzat”.
Ekarpen askotariko egitaraua
Jaialdia ostegunean hasi da, Feminismoa, kultura eta erresistentziak izenburu izan duen solasaldi batekin eta larunbatean jarraituko du, Emausek Mundaiz kalean duen egoitzan egingo duen artibismo tailerrarekin. Alberto Gaskon, hezkuntza eraldatzaile taldeko koordinatzaileak azaldu duenez, irudimena eta ekintza politikoaren arteko lotura lantzea dute helburu: “Egun osoko jarduera izango da eta etxebizitza eskubidea aldarrikatuko dugu ekintza kolektibo baten bitartez”.
Edonola ere, igandea izango da ekitaldiko egun nagusia. Gipuzkoa plazan adin tarte guztietarako tailerrak antolatuko dira, 11:00-14:00 bitarte. Besteak beste, serigrafiarekin, hondakinekin sortutako txotxongiloekin eta argazkigintzarekin egindako adierazpen kulturalak landuko dira. Horrez gain, kartoiaren bitartez etxeak eraikiko dituzte: “Kale egoeran daudenen eguneroko elementuarekin etxebizitza eskubidea aldarrikatu nahi dugu”, azaldu du Cabaleirok. Era berean, aurreko egunean abitutako artibismo lantegiari jarraipena emango diote Egian, 18:00etatik aurrera.
Jaialdiak astelehena izango du azken eguna eta antzoki zaharrean egingo dituzten ikus entzunezko emanaldiekin amaituko da: “Iruñeko emakumeen elkarte batek Las poderosas antzerkia ekarriko digu, eta Ados Teatroaren Inor ez dago urrun dokumentala ikusgai izango da” adierazi du Gaskonek. Zehaztu duenez, publiko desberdinarentzako bi saio egingo dira: goizean, jaialdiko ekitaldietan parte hartu duten ikastetxeentzako emanaldia eskainiko dute, 17:00-19:30 bitartekoa berriz, irekia izango da.
Gipuzkoa plaza eta Egiako Emausen egoitzaz gain, jaialdiak “hirugarren espazio bat ” izango duela adierazi dute antolatzaileek; izan ere, txotxongilo erakusketa bat ezarriko dute Garbera merkataritza gunean hilaren 30era bitarte: “Txotxongiloek kale egoeran daudenen bizitza istorioen adierazpena izango dira”, zehaztu du Gaskonek.
Hilabeteetan egindako lana erabiltzaileentzat onuragarria dela azaldu dute antolatzaileek. Gauzak horrela, datorren urtean jaialdiaren bigarren edizioa ospatzea dute helburu. Bigarrena, ordea, nomada izatea bultzatuko dute, ekitaldiaren izena jarraituz, ” Donostiako auzoetara iritsi dadin”.