Mikel Zabalzaren heriotzaren 38. urteurrena: liburua, abestia eta omenaldia

Igandean (hilak 26) 38 urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra eta Altzako bizilaguna atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuenetik; bere bikotekide Idoia Aierbe, bere lehengusu Manuel Bizkai, bere anaietako bi, Patxi eta Aitor, eta Ion Arretxe idazlea ere atxilotu zituzten operazio berean. Nafarra torturapean hil zuten han, eta handik hogei egunera agertu zen haren gorpua Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Urteurrenaren bueltan, urteroko legez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Alde batetik, Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak omenaldia egingo dio Zabalzari Altzako San Martzial plazan, duela hiru urte sortu zuten Mikelen Txokoan. Larunbatean izango da omenaldia, hilaren 25ean, 12:00etan, eta Egiari Zor fundazioak ere parte hartuko du. Horren aurretik, gaur (hilak 23) Registros de memoria liburuaren aurkezpena antolatu du herri ekimenak Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan. Zabalzaren heriotzaren oroitzapenen azterketa antropologikoa da, Lera Ikergunea antropologia taldeak eta Nafarroako Torturatuen Sareak hartuko dute parte.
Krimen eta zitalkeria hartatik 38 urte igarota ere, Mikel Zabalza eta torturatu guztiak gogoan ditugu Altzan.
— Mikel Zabalza Gogoan (@MikelZabalzaHE) November 17, 2023
Egia, justizia eta erreparazioa.
—-
Han pasado 38 años desde aquel crimen injusto. En Altza seguimos recordando la memoria de las y los torturados. pic.twitter.com/stTXOeWiu6
Bestalde, urteurrenaren harira, Zabalzaren omenezko abesti bat argitaratu dute Raimundo El Canasterok eta Brigade Locok: Mikel. Jarraian entzun dezakezue, baita bideoa ikusi ere: