PPk soilik bozkatu du Kaleko Afari Solidarioak debekatzearen alde
Asteazken honetan aurreratu bezala, alderdi popularrak azaroko udalbatzarrera eraman du Kaleko Afari Solidarioak ekimena debekatzeko proposamena. Mozioa aurkezterakoan, Borja Corominas PPko ordezkariak defendatu du zerbitzuak ez dituela espazio publikoa erabiltzeko eta elikagaiak manipulatzeko legeak betetzen, eta horregatik debekatu beharko litzatekeela.
Alabaina, ekimena debekatzeko erabili dituen hitz gehienek zerikusi gutxi izan dute argudio horiekin, afariek “arazoak” sortzen dituztela adierazi baitu, “zerbitzua jasotzen dutenen artean eta auzokoen artean”.
Hain justu, EH Bilduk mozioak berarekin dakarren arrazismoa leporatu dio. “Guztiz diskurtso xenofobo eta antisolidario da”, adierazi du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak. Gainera, Izagirrek Kaleko Afari Solidarioetan lanean dihardutenen jarduna goraipatu du, eta hirian “horrelako pertsona gehiago” behar direla defendatu: “Eredugarriak dira. Zigortu ez, eskertu egin behar da egiten duten lana”.
Elkarrekin Donostiak ere solidarioak eta zerbitzuko erabiltzaileak “kriminalizatzea” egotzi dio Alderdi Popularrari. EAJrentzat “Egian arazo bat dago”, baina ez du PPren mozioa babestu. Jokabide horren aurrean, PPko bozeramaileak “zinismoa” leporatu dio Martin Ibabe Segurtasun zinegotziari: “Badakit Kaleko Afari Solidarioak debekatu nahi izan dituzuela, eta horretarako bilerak izan dituzuela Udaltzaingoarekin”.
Hedabide honek erreportaje zabala egin zuen segurtasunari, polizia indarkeriari eta diskurtso arrazistari buruz.