Udal gobernua «euskararen aurka» dagoela salatu du LABek

Udaleko LABek salatu du gobernuak “irizpide politikoz” aukeratu dituela bi arduradun. Erdaldun elebakarrak direnez, sindikatu abertzaleak kritikatu du pertsona horiek ez dutela esleitu dituzten lanpostuetan aritzeko “behar den prestakuntzarik”.
Juantxo Marrero osasun eta ingurumen zuzendaria eta Cristina Lage Hezkuntza eta Gizarte Sustapeneko zinegotzi arduraduna dira sindikatuan ezinegona sortu duten izendapenak: “Lotsagarria eta salagarria da, zalantzarik gabe”. LABek nabarmendu du, gainera, azken horrek ardurak udalaren Euskara Sailaren pean daudela.
Sindikatuak “gogor” salatu du izendapen horiek egin ahal izateko udal gobernuak hartu duen bidea, bi kargudunak zuzenean hautu politiko libreaz izendatzea onartu baitzuen. Horrek karrera funtzionarioen eskubidea zapuzteko eta kargu horiek eskuratzeko hainbat baldintza ez betetzeko aukera ireki zuela ohartarazi zuen: “Legezkoa izan zen egin zutena, baina ez zuzena. Tamalez, denborak arrazoia eman digu. Azken izendapen hauek argi utzi dute arrazoia genuela”.
Hala, Eneko Goia alkateari eta EAJri zuzendu zaio LAB, “zuzendaritza hauetan zuzendari eta zinegotzi arduradun elebakarrak izendatzea isil-isilik onartu” dutela iritzita, “zerbitzuaren kalitatearen eta euskararen normalizazio prozesuaren kaltetan”, eta euren hitzek eta ekintzek bat egin dezaten exijitu die: “Horrela jokatuz, alferrikakoa da Euskaraldian, Euskararen Nazioarteko Egunean ala Kontseiluaren manifestaldian parte hartzea”.