Berdintasunerako eta bizikidetzarako hainbat konpromiso hartu ditu udalak
Donostiako Udalak adierazpen bateratua egin du Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira. Sexu indarkeriak adingabeen artean “gero eta eragin handiagoa” duela azpimarratu dute, “indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita”, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu.
Azaldu dutenez, hainbat txostenen arabera, sexu delituen biktimen %40 adingabeak dira, “gehienak neskak eta nerabeak”. “Adingabeen sexu askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan”, nabarmendu dute.
Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak “genero ikuspegidun kalitatezko sexu hezkuntzarik ez izatea” eta familietan eta eskola inguruneetan “gizarte balio egokiak transmititu ez izana” direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero mito eta estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. “Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu abusu eta sexu erasoen kasuetan”, adierazi dute.
Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren “irudi desitxuratua” zabaldu dela uste dute. “Sexu indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere”, deitoratu dute.
Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituztela uste du udalak, emakumeek bizitza garapen osoa izan dezaten, “askatasun eta segurtasun baldintzetan”. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu portaerak “derrigortzerik eta indarkeriarik gabe” adieraz ditzaten, genero estereotipoak eta genero aginduak alde batera utzita.
Udalak “herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak” diren aldetik, udalerritan “berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak” direla uste dute, eta Donostiako Udalak ondorengo konpromisoak hartu ditu horretarako:
1. Emakumeen aurkako edozein indarkeria ekintzaren aurrean zero tolerantzia errepikatzea, edozein intentsitate izanda ere. Desberdintasunean eta genero indarkerian ez dago gradurik.
2. Genero indarkeriaren aurkako borrokan parte hartzen duten eragile guztien koordinazioaren garrantzia aitortzea, biktimei erantzun integrala emateko.
3. Udalaren plan estrategiko guztiek emakumeen aurkako indarkeria guztien gaineko sentsibilizazioa barne har dezaten sustatzea.
4. Genero indarkeriaren biktimak laneratzea sustatzen duten proiektuak eta programak ezartzea.
5. Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia indartzea, adingabeen artean sexu indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
6. Biktima adingabeen inguruan sexu indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra hobetzea, tokiko koordinazio protokoloen bidez.
7. Sexu indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza programak ebaluatzea.
8. Sentsibilizazio programak garatzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero ikuspegidun kalitatezko sexu hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
9. Hezkuntza ez-formaleko hezkuntza prozesuak garatzen adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.
10. Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze programak indartzea, sexualitateari, bikote harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak.
11. Mutiko eta mutilei zuzendutako esku hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
12. Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.
13. Udalerriko adingabeekin hezkuntza prozesuak indartzea, Beldur Barik programaren eta tokiko beste ekimen batzuen bidez.
14. Era berean, herritarrei dei egiten diete, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, Donostian deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.