Eguraldiari buruzko datuen aitzindari
Ezaugarri bereziak ditu Igeldoko behatokiak, munduan eguraldiaren iragarpenak jasotzen hasi zen lehenengo behatokietako bat izan baitzen. Hernaniko bikario batek jarri zuen martxan, eta haren izena, Juan Migel Orkoleaga, azkar zabaldu zen nazioartean.
Juan Migel Orkoleagari (Hernani, Gipuzkoa, 1863) zor zaio gaur egun Igeldok behatoki meteorologiko bat izatea. Orkoleagak oso gazte zela erakutsi zuen eguraldia iragartzeko zeukan ahalmena, eta horren adibide da 15 urterekin Argentinara itsasontziz bidaiatu eta inork gutxik espero zuen ekaitza iragarri izana, itsasontziko ofizialak eta marinelak zur eta lur utziz.
Argentinatik 1880an itzuli zen Euskal Herrira Orkoleaga, eta Zarauzko bikario izendatu zuten. Egurrezko behatoki bat eraiki zuen bertan, Igeldoko historia eta istorioak liburuak jasotzen duenez, “ordurako meteorologiaren harra barruraino sartuta baitzuen”. Jabier Iraolaren liburuaren arabera, 1900eko azaroaren 15ean enbata iragarri zuen: “Gipuzkoako Foru Aldundiari eta portuei jakinarazi zien nolako ekaitza zetorren, eta horrek bizitza asko salbatzea ekarri zuen”.
Balentria horri esker, Aita Orkoleagaren izen ona lau haizeetara zabaldu zen. Hain zuzen ere, ospe horrek lagundu zion bere ametsa egia bihurtzen. Igeldon behatoki meteorologikoa eraiki nahi zuen, eta lehen behatokia Gudamendi inguruan zegoen etxe zahar batean jarri zuen. Eraikin hori Obserbatorio zaharra izenez ezagutzen zen Igeldokoen artean.
Haize eder etxera
1901ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eulalia Enea etxea alokatu zuen, Orkoleagak behin-behineko behatokia bertan jar zezan. 1905era arte aritu zen bertan, izan ere, aldundiak Haize Eder etxea erosi zuen ondoren, eta han jarri zuten behin betiko behatokia. Bertan jarraitzen du gaur egun ere.
Denbora gutxian, Orkoleaga “mundu mailako erreferente” bihurtu zela nabarmentzen du liburuak. Adibide gisa, Alfonso XIII.a Espainiako erregeak eta Maria Kristina erreginak sarritan bisitatzen zuten Orkoleaga, eta “estimu handia” zioten gizon hari: “Espainiako erregearen familiak uda Donostian igarotzen zuen XX. mende hasieran, eta hilabete horietan, Orkoleagak goizero deitzen zuen Miramar jauregira, egingo zuen eguraldiaren berri emateko”.
Arrantzaleentzat ere funtsezko lana egin zuen Orkoleagak, aldez aurretik ematen baitzuen ekaitzen eta enbaten berri. Sona handia izan zuen 1912ko abuztuaren 12an iragarri zuenak: “Enbata lehertu baino hamalau ordu lehenago telegrama bidali zuen Kantauri itsasoko portuetara, zetorrenaren berri emanez, baina tamalez arrantzontzi askotara ez zen garaiz iritsi iragarpena. Ondorioak oso latzak izan ziren: 143 arrantzale ito ziren, haietatik 115 Bermeokoak”.
Handik bi urtera hil zen apaiz meteorologoa, 1914ko irailaren 22an. Liburuaren arabera, “oso gizon azkarra” zen Igeldoko behatokiaren sortzailea. 1903an, tenperatura jaisteko tresna baten patentea erregistratzeko eskatu zion gobernuari. Horrez gain, hainbat tresna asmatu zituen haizea zein euria neurtzeko: anemoskopioa, zinemografoa eta hidrometrografoa, besteak beste.
Behatokiaren ezaugarri bereziak
Eguraldiari buruzko datuak jasotzen hasi zen lehenbiziko behatokietako bat izan zen Igeldokoa. 1905eko uztailaren 1ean erregistratu zituen lehenengo datuak, baina galdu egin dira 1928 baino lehenagoko guztiak.
Datuak jasotzeko moduari erreparatuz, Igeldok berezko ezaugarriak ditu, oso behatoki gutxi baitaude munduan hain serie klimatologiko luzea dutenak. Igeldokoak eguraldiaren aldagai guztiak neurtzen eta jasotzen ditu, egunean 24 orduz eta urteko 365 egunetan. “Horri esker, Igeldoko behatokiak kalitate handiko datuak ditu jasota”, zehazten du liburuak.
Hori guztia behatokiko langileei esker izan da posible. Alejandro Alberdi Orkoleagaren meza-mutil eta laguntzaile izan zen gaztetatik. 1905ean hasi zen Alberdi behatokian lanean. Haren seme Alejandro ere bertan aritu zen lanean, 1995ean erretiroa hartu zuen arte. Beraz, Alberdi aita-semeek 90 urte egin zituzten bien artean Igeldoko behatokian lanean.
Horiez gain, Jesus Mari Iparragirre, Juanjo Galparsoro, Juanito Izagirre eta Jesus Mari Muñoz ere Igeldoko behatokiko langile izan ziren. Ordea, guztiak ez ziren gizonezkoak izan: “Igeldoko Beltxora Etxebeste garbitzaile lanetan aritu zen hainbat urtez, eta Antonina Alberdik bere anaia Alejandro ordezkatu zuen, haren soldaduska garaian”.