Etxeko langile egoiliarrak: XXI. mendeko esklabo
Zaintza lanek emakume migrantearen itxura hartzen dute. Sistemako emakume zaurgarrienak direla jakinda, etxeko langile egoiliarrak etengabe esplotatzen dituzte: euren lan beharraz baliatzen dira usu, eta soldata baxuak jasotzen dituzte atsedenik gabeko lanaldien truke. Langile askok, gainera, tratu txarrak eta irainak jasan behar izaten dituzte, eta isolamendua tarteko, zaila izaten dute haien eskubideak borrokatzeko sareak topatzea.
Arratsaldeko bostetan geratu gara etxeko langile batekin. Urduri bezain puntual iritsi da hitzordura, gauzak ondo adieraztea gustatuko litzaiokeela baieztatuta. Lehen galderak egin ondoren, ordea, ireki du bere esperientzia guztien kaxa. Brenis Bermudez Honduraskoa da eta hamasei urte daramatza Donostian. Bere jaioterriko beste emakume askoren antzera, Donostiara etorri zen bizitza hobe baten bila: «Hona etortzearena ez zegoen nire asmoen artean, baina nire orduko bikotekidearekin arazoak nituen eta zor handi bat nuen jaioterrian». Hala, 31 urte zituela, bost seme-alabak agurtu behar izan zituen egun batetik bestera.
Bermudezek soseguz hitz egiten du, dena ondo azaltzeko tartea duela jakinda. «Orain egoiliar gisa nabilen arren, bi orduko tarteak errespetatzen dizkidate, baina ez da beti hala izan». Atzera begiratuta, amesgaiztoak eta umiliazioak jasan dituela dio, besteak beste, ezin zuelako ezetzik esan, eta aurretik ez zuelako behar adina informazio: «Oso esperientzia latzak bizi izan baditut ere, asko ikasi dut horretatik. Lehen ez bezala, egun mugak jartzen ditut hasieratik, eta etorri berri diren neska gazteei euren baldintzen inguruan ohartarazten diet».
Informazio falta jartzen du erdigunean Virginiak ere (ez du abizenik eman nahi izan). Bermudezen herrikideak 60 urte ditu eta duela hemezortzi etorri zen Donostiara, bere herriko irakasle baten gomendioak jarraituta: «Han oso egoera zaila nuen. Nire senar ohiak mozkor-mozkor eginda ematen zuen eguna, eta fabrikan lan egiten nuenarekin ezin nituen nire bi semeak aurrera atera». Otarrainxkak paketatzeko enpresa batean zebilen, baina Donostiara iristerakoan zaintza lanetan hasi behar izan zuen: «Hemen, badirudi emakumea eta latinoa bazara, ez duzula beste ezertarako balio». Etorri bezain pronto ohartu zen, ordea, migratzaileen egoerak ez zuela bat egiten Hondurasen jasotako informazioarekin: «Lana topatzea oso erraza zela zioen herriko irakasle horrek, eta hala izango ez balitz, non bilatu lagunduko zidatela. Donostiara etorri orduko, ordea, ate guztiak itxi zizkidaten». Hain zuzen ere, telefono kabina batean eta negarrez etxera deika zegoela iritsi zitzaion lehen lana: «Emakume batek adineko bat zaintzeko eskaini zidan egoiliar gisa, 900 euroren truke. Ez nuen ez opor egunik, ezta aparteko ordainsaririk ere, baina, noski, nik orduan ez nekien ezer».
Bermudez eta Virginia bezala 9.000 eta 10.000 emakume artean dabiltza etxeko langile Gipuzkoan; horien %10 agiririk gabe, Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkartearen arabera. Bertako langile Mailing Castillok azaldu duenez, Nikaraguakoak, Honduraskoak eta Kolonbiakoak dira emakume gehienak, «estigma handia» baitago oraindik emakume beltzekiko. Emakume migranteen alde lan egiten duen Malen Etxea elkarteko zuzendari Silvia Carrizoren hitzetan, ordea, 7.000 eta 8.000 artean dira, eta Espainiako Estatuko biztanleria kontuan hartuta, gurean daude gehien: «Gipuzkoa lehena da egoiliarren kontratazioan eta lurraldean Donostian daude gehienak».
Profil antzekoa dutela azaldu dute bi elkarteek: familiei dirua bidali behar izaten diete, seme-alabak dituzte, eta zorrak uzten dituzte jaioterrian. Zamak bizkarrean, asko egoiliar gisa aritzen dira lehen urteetan, alokairurik ez ordaindu eta ahalik eta gehien irabazteko. «Bertako batentzat zaila bada alokairu duina lortzea, inolako agiririk gabe atzerritik datorren norbaitentzat loteria irabaztea izango litzateke», zehaztu du Castrok. Hala, etorri orduko etxebizitza batean sartzen dira, eta adineko bat zaintzen dute, kasurik hoberenean logela, janaria eta gutxieneko soldata baten truke. «Gehienez, hirurogei orduko lanaldia egin dezakete astean, eta normalean berrogei orduak gainditzen dituztenez, atseden hartzeko tartearekin edo gehigarri gisa kobratu beharko lituzkete aparteko ordu horiek» dio, SOS Arrazakeria elkarteko kideak. Gehiengoaren baldintzak, baina, oso bestelakoak dira: kontratua dutenean —ez baita beti hala izaten— enplegatzaileek ez dituzte lanordu guztiak deklaratzen, Gizarte Segurantzako kotizazio kuoten zati bat aurrezteko. «Nire kontratua 750 eurokoa zen, baina 1.250 kobratzen nituen. Egunean hemezortzi orduz egiten nuen lan, igandetik igandera, inolako jaiegunik gabe», azaldu du Bermudezek. Familiak ez zion egoiliar kontratua egin nahi, gau osoa alzheimerra zuen emakume bat zaintzen igarotzen zuen arren. «Atseden hartzeko tarte handiagoa eskatu nien jabeei, eta sekulako liskarrak izan genituen, nigatik «gehiegi» egin zutelakoan. Askotan, sorbaldaren gainetik begiratzen gaituzte nagusiek, eta orduan ere oso argi utzi zidaten ni ez nintzela inor ezer eskatzeko».
Zaintzaile eta ez langile
620/2022 Errege dekretuaren arabera, egunero bi ordu izan behar dituzte libre; eta astean 36 jarraian, «ganorazko atsedena izan dezaten», azaldu du Castillok. Elkarrizketatuek, baina, «nekatuta» daudela diote, eta Virginiak, bederen, ez du halako baldintzarik izan sekula: «Egun eta gau egiten nuen lan Amarako etxe batean mila euroren truke, eta astean bost ordu baino ez nituen atseden hartzeko». Azaldu du, halaber, bost urte igaro zituela egoera horretan, eta kontratatzaileei ez zitzaiela ondo iruditu baldintzak birpentsatzeko aukera. «Etxe duin horretan egoteagatik eskertuta egon behar nuela erantzun zidaten. Ez nuela ez argindarrik, ez berogailurik ordaintzen. Nik, ordea, argi utzi nien lanera etortzen garela, ez esklabotzara».
Gaualdia da egoiliar askoren arazo nagusiena. Kontratatzen den zerbitzu bat izan arren, ez da ordaintzen, eta unerik zailena da langile askorentzat, ezin dutelako atsedenik hartu. «Etxe batean emakumearen ohean sartu behar izaten nintzen, lotan zegoela ziurtatzeko. Beste batean, ordea, ohe azpian egin behar izaten nuen lan, goizeko ordu txikitan alzheimerra zuen adinekoak giltzak modu txarrean eskatzen zizkidalako behin eta berriz», azaldu du Bermudezek. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera, gaueko orduak ere lanordutzat hartu behar dira, sendagileekin edo suhiltzaileekin gertatzen den moduan, baina Espainiako Estatuan ez dago hura aplikatzeko araudirik. «Egoitzetan eta ospitaleetan gertatzen den moduan, plusa jaso beharko lukete ordu horiengatik, etxean zerbait gertatuz gero, haien ardurapean baitaude», nabarmendu du Castillok.
Maiz, gainera, langileari eskaintzen zaiona eta ondoren egin behar izaten dutena ez dator bat. «Nik beti esan ohi dut, etxeko zaintzaile garela eta ez langile. Gu adinekoak zaintzera joaten gara eta ez bururatzen zaien ardura guztiak, garbiketa kasu, gure gain hartzera» aldarrikatu du Bermudezek.
Askatasunik gabeko erregimena
Jardunaldi amaigabeez gain, etxeko langileek jabeen kontrolpean jardun behar dute beti; haiek zehazten baitute, ahoz edo idatziz egindako kontratuetan —halakorik egonez gero— langileak zer jango duen eta non hartuko duen atseden. Batzuetan, ez dute beraientzako espazio propiorik ere, eta zaindu behar duten pertsonaren aldamenean egiten dute lo. «Etxe batean nire logelako atea uneoro irekita izatera nengoen behartuta», dio Bermudezek. Bere alaba ere egoiliar aritu zen hilabete batzuez, eta «lapurretan zegoelakoan, eguneko mugimendu guztiak kontrolatzen zizkioten».
Etxe askotan jabeen kontrolak muga guztiak gainditzen dituela dio Virginiak: «Batzuetan bideokamerak jartzen dituzte, edadekoengatik omen. Baina hor badaude, norbait begira dagoelako da, eta uneoro kontrolpean sentitzean, ezin zara lasai egon». Nolanahi ere, otorduekin bizi izan du kontrolik handiena, fruta edo gailetak zenbatzen zizkiotela zehaztuta: «Oso gaizki jaten dugu, etxe askotan adinekoen berdina; hau da, pureak baino ez. Grosen, 101 urteko emakume bat zaintzen nenbilela brokolia eta azalore zatitxo batzuk ematen zizkidan eguerdian, eta gauean barazki horiek egosteko urarekin fideo zopa egiten zuen. Noski, egun osoa geldirik pasatzen zuen emakumearentzako nahikoa zen, baina nik orduak ematen nituen etxea txukun mantentzen eta zama handiak altxatzen». Etxe horretan gosea pasatzeaz gain, enplegatzailearen autoritatea erabatekoa zela baieztatu du: «Komuneko paperaren biribilkiak ere zenbatzen zizkidan». Egoera itogarria bizi izaten dute emakume askok, SOS Arrazakeriaren arabera, eta langileek aipatzen dutenez, ohikoak dira antsietatea eta depresioa: «Kalera irteten gara pare bat orduz, eta benetan diotsut ematen diguten unetxoarekin hegan egin nahi duzula, hemendik atera», gaineratu du Virginiak.
Zehazki, kontrolak arrazismoarekin bat egiten duenean pairatzen dituzte «une iraingarrienak», langileen iritziz. Antso Jakituna hiribideko etxe batean lanean zebilela, kontratatzaileak arropa garbigailuan jartzea ukatzen zion Virginiari: «Zaborretara botatzeko esaten zidan, nire trapuek ez zutela ezertarako balio». Aieteko etxe batean, aldiz, txorrota irekitzea zuen debekatuta: «Esaten zidaten nik ez nituela hortzak garbitu behar, ezta dutxatu behar, gure herrialdean putzu batetik ura atera behar izaten genuenez, ez omen geundelako ohituta». Hondurasko langileak argi du familia batetik bestera alde handia dagoela, eta halako kasuetan atetik irtetea baino ez zaiela gelditzen: «Pazientzia izaten saiatzen naiz nire lana ahalik eta hobeto egiteko, baina batzuetan mugak jarri behar dira». Jakitun da, ordea, lanean dabiltzan beste emakume eta neska askok «ezin dutela berdina egin».
Zaurgarritasunetik probetxua
Irain matxista, arrazista eta klasistak askoren eguneroko izateaz gain, «sexu erasoak jasan dituzten emakumeak» ere ezagutzen dituzte elkarrizketatuek, kasu gehienetan salaketak jartzen ez diren arren; are gutxiago, agiririk gabe daudenean. Era berean, ohikoa da agiriak egingo dizkietela hitz ematea, eta hiru urteren buruan —izapideak hasteko erroldatuta egon behar duten gutxieneko denbora tartea—, eskubide hori ukatzea. «Hiru urte betetzear nituela agiriak egiten hasteko baimena eskatu nien jabeei, eta ezetz esan zidaten, aurretik ordaindu zidatenarekin, maleta egin eta nire herrialdera bueltatzea nuela», gogoan du Virginiak. Hala, egoera irregularrean dauden barneko langileek izaten dituzte lan baldintza okerrak, soldata txikiekin eta maiz oporrak edo jaiegunik gabe, horretarako eskubiderik ez dutela argudiatuta. Malen Etxeako Carrizoren aburuz, gizarteak jabetza objektu gisa ikusten ditu langile migranteak, ukatu egiten baitzaie mugitzeko edo bizitza pertsonala izateko eskubide oro: «Ez zaie aitortzen etxe bat izateko eskubidea, ezta familia bat izatekoa ere, bizitzarik ez dutela uste dute».
Agiriak ez ezik, traba berriak ere gehitu zaizkie iritsi berriei. Duela lau urtetik, Eusko Jaurlaritzak Arreta Soziosanitarioaren ziurtagiria derrigorrezko irizpide gisa ezarri du kontratu bat egiteko, eta langileek denbora atera behar dute bost hilabetean ikasketak egiteko. «Emakume askok beraien kabuz bilatu behar izaten dute ordezkatuko dituen norbait, eta beraiek arduratzen dira besteari ordaintzeaz. Beste batzuetan, atseden hartzeko duten ordu urrietan konpentsatu behar izaten dituzte ordu horiek», azaldu du SOS Arrazakeria elkarteko kideak.
Migratzaileen eskubideen alde lan egiten duen elkartearen arabera, familiez gain, enplegu agentziak ere, etxeko langileen zaurgarritasun egoeraz baliatzen dira, eta emakumeak «eskulan merke» gisa ikusten dituzte. Enplegatzaileek kontratatzen dituzten gestoriez gain, Donostian dozena bat enpresatik gora dabiltza etxeetako jabe eta langileen bitartekaritza lanetan; horietako asko langileen eskubideak etengabe urratzen: «Lan ikuskapenak izan dituzten arren, izugarrizko abusuak egiten jarraitzen dute eta berdin jarraituko dute salaketa masiboak izan ezean». Nolanahi ere, Virginiak bezala, etxeko langile batzuek nahiago izaten dute haien bitartez lan egin «jabeen atzetik ibiltzea eta haiekin liskarrak izatea» saihesten dutelako behin kontratua amaituta.
Nolanahi ere, Bermudezen arabera, enplegatzaile izan daitezkeen jabe eta familiak, edo bitartekaritza lanetan dauden enpresa eta kudeatzaileak sistemak osatutako sareko elementuak baino ez dira, eta sistema bera jarri beharko litzateke ezbaian: «Gure egoera ezaguna den arren, politikariek beste aldera begiratzen dute, eta, noski, horrek familiei eta enpresei nahi dutena egitea ahalbidetzen die. Familia asko oso ondo portatzen dira, baina beste askok esklabo gisa hartzen gaituzte, betiere, sistema politikoaren babesa dutelako».
Beharrak bultzatuta
Bermudezen kasuan bezala, egoiliar gisa lan egitea emakume askoren «azken aukera» izan ohi da, eta aukeran nahiago izaten dute ordukako lanak egin egin, «bizitza pribatua izateko». Nolanahi ere, egun osoko lanaldia topatzea ez da erraza izaten eta hiriaren garestitzeak ezinezko bilakatzen du aukera hori. «Normalean lau ordu topatzen dira goizetan, baina hortik ateratakoarekin ezin da etxebizitza bat ordaindu Donostian», azaldu du.
Mila de Jesus langileak, ordea, lortu du askoren nahia eta lau etxetan ibiltzen da egunero: «Behintzat, Antigua eta Ibaeta artean ditut denak». Nikaraguarrak hamahiru urte daramatza Donostian, eta alaba izan zuenetik dabil orduka lanean: «Egoiliar nengoela gelditu nintzen haurdun, duela zazpi urte, eta jabearen alabak jakin bezain laster kaleratu egin ninduen». Haurra jaio eta hogei egunera bueltatu zen lanera, familia zuela aipatu gabe: «Bestela nork hartuko nindukeen? Ibaeta auzoko galdara gela batean bizi ginen eta hori baino etorkizun hobe bat eskaini nahi nien nire seme-alabei». Hain zuzen ere, De Jesusen kaleratzea bezalakoak maiz artatzen dituzte SOS Arrazakeriak Errenterian duen lan aholkularitzan: «Bidegabeko kaleratzeak eta kendu berri duten atzeragatiko kaleratzeak kudeatzen ditugu, gehienbat. Etxeko langilea kaleratzerakoan edo kontratua amaitzerakoan ez diete dagokiena ordaintzen eta akordioak lortzeko adiskidetze ekitaldiak egin behar izaten ditugu». SOS Arrazakeriak Donostiako kasuen txostenean jasotzen duen moduan, enplegatzaileek ez dute kasik enpatiarik erakusten langilearekiko, eta lan legedia sistematikoki urratu arren, traizionatuta sentitzen dira. Era berean, kaleratze asko baja eskaeren ondoren iristen direla diote: «Zama altxatzen pasatzen dute eguna, baina enplegatzaileek ez dute lesio fisikoaren aukerarik onartzen».
Etxeko lanetan ibiltzen diren emakumeen aholkularitza lanak egiteaz gain, enplegatzaileei langileen eskubideen berri ematen diete. «Harrituta gelditzen dira asko, ez baitute euren eskubiden berri», azaldu du Castillok. Era berean, kafe bilerak egiten dituzte langileekin, ordu pare batez hitz egin eta etxe barruan bizitzen dutena ahazteko aukera izan dezaten. «Ez dugu gai zehatzik lantzen baina zalantza asko argitzen dira» zehaztu du Castillok. Donostian, astean behin elkartzen dira Emakumeen Etxean, eta bereziki egoiliarrentzat izaten da baliagarri, «ordu asko igarotzen baitituzte isolatuta». Hain zuen, elkartzeko eta eskubideen aldeko lanketa egiteko espazio hori faltan bota duela aitortu du Bermudezek. «Alde handia dago gure ogibidearen eta gainerakoen artean. Egunean zortzi orduz lan egitea gustatuko litzaidake, baina nola lortuko dugu negoziazio kolektibo bat izatea, greba egiteko aukerarik ere ez dugunean?».
Desagerrarazi beharreko ogibidea?
SOS Arrazakeria elkartean, ordea, erakundeen arteko akordio faltan ikusten dute arazo nagusia: «Zalantza handiak ditugu, elkarte asko gara eta bakoitza bere kasa ibiltzen da». Malen Etxearen arabera, esaterako, etxeko langilen egoiliarren sistema errotik ezabatu behar da, emakume migranteak baitira zaintza sistema sostengatzen dutenak. «Eusko Jaurlaritzak mendekotasunerako eskaintzen dituen laguntzek publikoek zuzenean finantzatzen dute langile migratzaileen esplotazioa egun eta Gipuzkoan oso merke ateratzen da esklabo bat edukitzea», azaldu du Carrezok. Bide horretan, gizarte ekonomian oinarritzen diren enpresak eta kooperatibak sortu behar direla aldarrikatzen du, zaintzarako orduak biderkatuta. «Hemen, udalen borondate politikoa falta da bereziki, halako sistema bultzatzeko eskumenak baitituzte».
SOS Arrazakeriaren aburuz, ordea, «langileen beharretara» egokitu behar dira elkarteak eta beraien nahiak entzun. «Askotan langileek diote etxebizitza hori behar izaten dutela, kanpoko prezioak ezin dituztelako ordaindu. Ez gara etxea teilatutik egiten hasiko, eta hasteko, lan baldintzak hobetu behar dira», azaldu du Castillok. Bide horretan, garaipen txiki gisa ikusten dute iaz, 16/2022 Errege dekretuaren bitartez, langabezia eskubidea aitortu izana —Europako Justizia auzitegiak diskriminatzailetzat jo baitzuen Espainiako legedia—. Edonola ere, argi dute oraindik asko dagoela egiteke: «Oinarrizko eskubideen artean, lanorduak erregulatu, etxeko sektorean aintzat hartzen ez diren lan istripuak aitortu, eta kotizatutako urteak kontuan izan behar zaizkie, pentsio duin bat izan dezaten. Legea behin moldatu badute, arazorik gabe egin dezakete beste behin».
Kateak apurtzeko desira
De Jesusek ez bezala, adinekoen etxeetatik urrun ikusten dute euren etorkizuna gainerako bi elkarrizketatuek. Bermudezek arreta soziosanitarioaren agiria eskuratu nahi du, eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko, baina urte gutxian «semeetako batekin kafetegi txiki bat sortzea» gustatuko litzaioke. Viriginiak ordea, beste lanbide batean baino, jaioterrian igaro nahi ditu hurrengo urteak: «Negar eta izerdi tantekin nire jatorrizko herrian etxebizitza bat sortzea lortu dut. Azken ukituak falta zaizkio eta oraindik lanean jarraitu behar dut pixka batean, baina amaitu bezain laster hara joango naiz, behingoz atseden hartzera. Gehiegi eman dut hemen, eta hatz puntetan bizitzera ohitu naiz. Zintzotasunez diotsut herri honetan umiliazioak, tratu txarrak eta denetarik jasan dudala soldata baten truke, eta horrela ez dago bizitzerik».
Ordubete eta erdiko solasaldiaren ostean, Bermudezek bere lantokira egin du buelta. Barrenak hustuta, kontatutakoak kontzientziak astindu eta beste langile batzuen baldintzak hobetzeko balioko duelakoan. De Jesus, ordea, zaintzen duen emakumea janzten utzi dugu, «paseora» atera behar dira eta: «Gure lanak ez du etenik, eta hemen jarraituko dugu, bizitza duina izan arte». Itxaropenarekin eta askatasun ametsekin agurtu gaitu Virginiak ere. Pauso irmoekin hartu du etxerako bidea eta metro batzuk egin ostean, atzera begiratu du zerbait ahaztu zaiolakoan: «Gogoratu! Lan duin bat iristen bazaizu dei iezadazu, hemendik ateratzeko irrikaz nago eta!», oihukatu du, etxerako martxa berreskuratu eta kalean gora desagertu aurretik.