«Gizonak errazago joaten dira baserritik»
18 urterekin Donostiara etorri zen lanera Nekane Aierbe (Zaldibia, Gipuzkoa, 1951). Zazpi urte eman zituen etxe batean lanean, eta ondoren, Igeldoko gizon batekin ezkondu zen. Harekin bizi da Igeldoko Ondazarte baserrian, Igeldoko Esnea egiten duten lekuan. Erretiroa hartuta dago jadanik, eta merezita; bizi osoa eman baitu baserria eta familia zaintzen.
Igeldoko Ondazarte baserriaren jabea zara egun, baina Zaldibiakoa zara izatez. Noiztik bizi zara hemen?
Ez naiz ondo gogoratzen zenbat urte daramatzadan hemen bizitzen, baina Zaldibian jaio nintzen, eta 18 urterekin Donostiara etorri nintzen lanera. Etxe partikular batean egiten nuen lan, etxeko lanak egiten. Zazpi urte pasatu nituen horretan, eta gero, baserrira itzuli nintzen, Igeldora. Niri, egia esan, baserria asko gustatzen zait.
Zaldibian ere baserrian bizi zinen?
Bai, Aldaskorta baserrian. Han ardiak genituen, eta 7 urte nituenetik 10 urte bete nituen arte artzain aritu nintzen. Eskolara ia ez nintzen joan, 7 urte nituela artzain hasi nintzelako aitarekin. Gero, Donostiara etorri nintzenean, nire anaiak eta bi ahizpa geratu ziren Zaldibiako baserriarekin. Orain anai bakarra geratzen da, eta baserrian ez dute lehen bezainbeste lan egiten dagoeneko, baina han dago baserria.
Nolakoa izan da Igeldon baserriko bizitza zuretzat?
Zaldibiatik hona pixka bat aldatu zen, baina ez asko. Baserrian gogor egin behar da lan, eta gero, umerik baduzu, umeak zaindu behar dira, eta baita etxeko lanak egin ere. Hemen aitona bizi zen lehen, nire senarraren aita, eta aitona ere zaintzen nuen. Horrez gain, ukuiluko lanak eta etxeko lan guztiak nik eraman behar nituen.
Nork erakutsi zizun baserriko lanak egiten?
Ikasi egin nuen. Ni nintzen zaharrena, eta erakutsi egin zidaten baserrian aritzen. Orain esaten dut baserrian lanean ondo erakutsi zidatela, baina eskola gutxirekin. Ez ninduten eskolara bidaltzen, lehenago bidaltzen nindutelako artzain. Gero, udaberria iristen zenean, baserrian lan egin behar zen artoa landatzen, eta baita patata ereiten ere, eta amari eta aitari laguntzen aritzen nintzen. Zaharrena nintzenez, nik hantxe egon behar nuen. Nire atzekoek eskola gehiago izan dute, baina nik oso gutxi; egia esateko, ezer ez.
Eta nola moldatzen zara irakurtzen eta idazten, adibidez?
Irakurtzea gustatzen zait. Orain gutxiago irakurtzen dut, baina lehen asko. Neure kasa ikasi nuen irakurtzen.
Zure gurasoak eskolara joandakoak ziren?
Hala izango ziren, ez dakit. Baina baserrian bizita, haien garaian zenbat joango ziren eskolara? Nire ama artzainen familiakoa zen, eta berak beti kontatzen zuen bera ere artzain joaten zela.
Igeldoko Esnea egiten duzue hemen. Txikitan artzaina zinen, baina hemen behiak ere zaindu beharko zenituen, ezta?
Bai. Hemen behiak eta txekorrak ditugu, eta ardi batzuk ere badaude. Orain ez dut animaliak zaintzen jarraitzen. Erretiroa hartuta nago, eta orain etxeko lanak egiten ditut; besteak beste, bazkaria egiten dut.
Esan duzu lan gehienak zuk egiten zenituela baserrian. Nola banatu izan dituzue lan horiek?
Bueno, gehiena nik egiten nuen. Gizonak ere lan egiten zuen, ukuiluko lanak eta horrelakoak, baina emakumeei lan gehiago egitea egokitzen zaie baserrian. Gizonek errazago egiten dute alde etxetik beti, eta emakumeek lan gehiago egiten dute etxean. Esan bezala, nik etxeko lanak, kanpoko lanak, umeak zaindu eta adineko pertsona bat zaindu behar izan ditut.
Zergatik diozu gizonek errazago egiten dutela alde etxetik?
Lana egiten dute ukuiluan, baina gero, iluntzean, bilerengatik-edo, alde egiten dute gehienek. Eta ni, berriz, etxea zaintzen.
Familia bat ere osatu zenuten. Nolakoa da zuen familia?
Seme eta alaba bana izan genituen. Gogorra izan zen haurren heziketa eta baserriko lana uztartzea. Baserriko lana egin behar zen, eta ondoren, haurrei eskolara eta beste gauza askotan lagundu. Egia esan, ni denean ibili naiz: umeekin atzera, gora, behera eta joan behar zen toki guztietara joan naiz.
Igeldoko Esneari dagokionez, noiz hasi zineten negozio horrekin?
Hori ni hona etorri baino beranduago hasi zen. Guk kalean saltzen genuen esnea, marmitatan, baina nik Igeldoko Esnearekin ez dut lan handirik egin, hori atzetik eraman dutelako.
Zuk saltzen zenuen esnea garai batean?
Nik ez. Nire senarra eta alaba aritu ziren horretan. Niri ez zitzaidan lan hori gustatzen. Egia esan, Donostiatik Igeldora baserrira gustura etorri nintzen, Donostia ez zaidalako batere-batere gustatzen. Baserria lasaiagoa da; lana egin behar duzu, baina beste bizimodu bat daramazu hemen.
Zure kasa?
Bueno, nire kasa ez. Banekien zer egin behar nuen, baina niri gustatu egiten zait baserria.
Baratzea ere baduzue baserrian. Zer landatzen duzue?
Baratzea dugu, bai, baina inoiz ez ditugu barazkiak kalean saldu. Etxerako erein izan dugu beti. Denetik lantzen genuen baratzean, porruak eta barazki guztiak. Lehen, hemengo aitonak egiten zuen baratzean lan, eta orain nire senarrak egiten du.
Zer da baserritik gehien gustatzen zaizuna?
Ez dakit. Nik beti izan dut gustuko baserriko lana. Badakit gogorra dela baserrian lan egitea; ordu asko pasatu behar dituzu, eta dena pasatu behar duzu, baina niri beti gustatu zait baserria lan egiteko.
Zertarako izan duzu zailtasun gehien?
Inoiz ez dut gidabaimena atera, eta kalera joateko dut zailtasun gehien. Bai lehen, eta baita orain ere. Beti behar dut lagunen bat nire aldamenean kalera joateko eta baserritik mugitzeko.
Eta nola moldatu izan zara?
Bueno, lehen, ume txikiak nituenean, autobusa herritik Donostiara jaisten zen. Beraz, baserritik herrira joaten ginen, eta herrian autobusa hartu eta Donostiara jaisten ginen. Bertan, erosketak egiten genituen, eta autobusean itzultzen ginen. Igeldotik erosketekin oinez etortzen ginen. Orain ere irteten naiz baserritik, eta senarrarekin joaten naiz kalera.
Izan duzu gogorik sekula gidabaimena ateratzeko?
Lehen ez, baina orain bai. Orain gogo gehiago daukat, baina orain ez noa gidabaimena ateratzera. Hala ere, traktorearekin ibiltzeko behin ere ez dut ilusio berezirik izan.
Bazeuden emakumea izateagatik baserrian egin ezin zenituen lan batzuk?
Bai. Traktorea ez nuen gidatzen, eta belarra ebakitzera ere ez nintzen joaten. Badaude baserrian emakumeek egin ezin dituzten lanak, baina gaur egun askoz lan gehiago egiten dituzte emakumeek baserrian; makinekin eta abar.
Nola aldatu da hori?
Nire garaitik hona asko aldatu da, baina baserrian bazegoen behar hori. Teknologiak ere ekarri du aldaketa. Lehen dena eskuz egin behar zen; bueno, behiak makinarekin jezten ziren, baina zuk egin behar zenuen guztia. Orain desberdina da; orain robotarekin eta horrela egiten dituzte lanak.
Uste duzu emakume baserritarrei merezi duten balioa ematen zaiela?
Ez dut uste, ez. Oraindik asko falta da baserriko emakumeei merezi duten laguntza emateko. Ez da beraietaz hitz egiten. Urtean zehar, martxoaren 8an ematen zaie ikusgarritasun pixka bat agian, baina, hortik aurrera, baserriko emakumea ez dute asko laguntzen eta aipatzen.
Zure lagunak ere baserritarrak dira?
Ez, ez. Asko ez dira baserrikoak, eta gehienak kalekoak dira. Txikitan eskolara joan ez nintzenez, gerora ezagutu nituen, eta orain ere badaukat harremana nire lagunekin. Beti bezala, ondo moldatzen gara.
Erretiroa hartuta duzunez, zein zaletasun dituzu orain?
Zer gustatuko zait ba? Osasuna eta ondo egotea, horixe da printzipalena. Bilobak ere baditut, eta egunero egoten naiz beraiekin.
Eta belaunaldi aldaketarik izan al da baserrian?
Bai. Nire semeak baserrian jarraitzen du. Alaba ere orain arte baserrian ibili da, baina orain utzi egin du. Orain jende gutxiagok nahi izaten du baserrian lan egin. Badago horretarako jendea, baina baserria gustatu egin behar zaizu. Baserria, izatez, gogorra da. Ordu asko pasatu behar dira bertan; ez da lantoki batera joan, zortzi ordu pasatu eta etxera etortzea. Kanpoan lan egin eta etxera etorri ostean, lanean jarraitu behar duzu. Hori da baserriko bizimodua.
Zuri egokitu zaizun bizimodua. Baina horrekin pozik zaudela diozu.
Nik ez daukat inongo penarik baserrian bizi izanaz. Ez zait geratu ezer egiteke, baina orain pentsatzen dut bizi eta disfrutatu egin behar dudala. Ea hori egiten dudan.
Zer egitea gustatuko litzaizuke?
Adibidez, lagunekin kafetxo bat hartzera joatea astean behin. Baina lehen esan duguna, horretarako beste lagun bat eta autoa behar ditut. Zailtasun horiek ditut baserrian.
Emakume baserritarrei zein mezu bidaliko zenieke?
Ez dakit; animoak bidali beharko dizkiet emakume baserritarrei. Animoak.