Kalean da Nakar donostiarren lehenengo diskoa: 'Lore Ta Laban'
Nakar musika post-punk elektroniko talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu berri du: Lore Ta Laban. Sortzen, entseatzen eta kontzertuak ematen buru-belarri daramate urte osoa, eta beraiek sortutako bederatzi abestiko diskoa da horren emaitza, dagoeneko plataforma digitaletan entzungai dagoena; CD eta binilo formatuetan ere argitaratu dute, eta salgai dago Balio Dute kolektiboaren webgunean zein Bandcamp atarian.
Taldea zuzenean ikusi dutenek dagoeneko ondo ezagutuko dituzten honako abesti hauek ditu diskoak: Hondakinen Artean Bizi, Z.g.b., Lore Ta Laban, Sunrising, Ezin, Alzheimer, Elquetiene, Garaia Harri eta Nakar. Diskoaren azala Mikel Ruiz Pejenautek egin du.
Taldearen izen bera duen abestiaren bideoklipa argitaratu zuten apirilean; Txillardegiren Leturiaren Egunkari Ezkutua eleberriko pasarte bat da kantaren letra:
Proiektuaren abiapuntua Lasarteko Pogrom synth-punk taldearen kontzertua izan zela kontatzen du taldeak. Hor elkartu ziren Jone Laspiur aktore eta abeslaria (Koban, Nogen) eta Xalba Ramirez musikaria (Raitx, Koban, Physis Versus Nomos), eta proiektu berri bat abiatzea erabaki zuten Andoni Olaetxearekin (Pelax, Zozo, Burrundaria…) eta Jokin Azpiazurekin (OLOR, Occhi di Farfalla, PAM…). Horrela, Laspiur da Nakar taldearen ahotsa, Ramirez dago samplerrean, sintetizadoreetan, programazioan eta bigarren ahotsean, Olaetxea gitarran eta Azpiazu samplerrean eta sintetizadoreetan.