«Mugarri bat markatu dezake greba honek»
Donostian zein auzoetan azaroaren 30eko greba feminista orokorra antolatzeko buru-belarri lanean dabiltza Donostiako asanblada feministako kideak. Horietako bi dira Nerea de Goñi Corthay (Intxaurrondo, 1994) eta Eider Intxusta Serrano (Añorga, 1981), eta grebaren nondik norakoak azaldu dizkigute.
Eider Intxusta Serrano eta Nerea de Goñi Corthay, Donostiako asanblada feministako kideak. (Argazkia: Beñat Parra) Heltzear da greba feminista orokorra. Nola ikusten duzue giroa? Grebak zer jarraipen izango duela aurreikusten duzue?
Bai Donostian eta bai Euskal Herrian mugimendu feminista nabaria izan da, grebara deitzen duten pankartak zein kartelak nonahi ikusten baitira. Greba feminista orokorra gure aldarrikapenak gizarteari helarazteko baliabidea izango da, eta gero eta pribatizatuagoa den sistemarekiko desadostasuna adierazteko erabiliko dugu.
Azaroaren 30ean agerian geratuko da ez gatozela bat planteatzen den etorkizunarekin, eta lanketa kolektibo bat hasteko bidea aurreikusten dugu: zaintza sistema publiko komunitarioa, hain zuzen ere.
Zaintzan jarri duzue fokua grebara begira. Zergatik?
Zaintza beharrezkoa da bizimodu duina eraikitzeko, baina ezaugarri ikusezina sistemarentzat; eta, batez ere emakumeok* hartu beharreko rol inposatua da. Horregatik, zaintzan eta emakumeengan jarri da fokua: beharrezkoa duen garrantzia auzitan jartzeko. Hau argi geratu zen agerian pandemia garaian, baina badirudi gizarteari azkar ahaztu zaiola… Zaintza beharrezkoa dela aldarrikatu nahi dugu, eta bizitzen erdigunean kokatu, hau da, zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortu.
Gizarteak zaintzaren alorrean hausnarketa sakona egitea bilatzen dugu, baita honen kontzeptua lantzea eta zaintzaren kultura hedatzea ere.
Erakundeen zuriketa salatu duzue hainbatetan. Zer egin beharko lukete erakundeek zaintzaren arloan?
Agerian geratu da sistemak zaintzarako zerbitzuak pribatizatzeko duen joera, eta erakundeek negozioa bilatzen dute zaintza zerbitzuekin, langileak esplotatuz eta esklabutzaren mailako baldintzetara iritsiz. Horregatik, erakundeei ondorengoa exijitzen diegu: zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea, zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea eta zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea. Era berean, zaintzaileen erregularizazioa eta Atzerritarren Legea bertan behera uztea eskatzen dugu, baita ere. Zaintza lanetan aritzen diren gehienak atzerritarrak dira, duinak ez diren lan baldintzak onartzera behartuta ikusten direnak, errotze laborala lortu ahal izateko; eta erakundeak horrez aprobetxatzen dira euren onura propiorako. Etxeko langileak lan erregimen orokorrean sartu behar dira, eta soldataren erregularizazioa eman behar da. Bestalde, zaintza lanak transbertsalki landu behar dira: hezkuntzan, osasungintzan, lan eremuan, eta abar.
Nolakoa izan da eta izaten ari da greba prestatzeko lanketa Donostian?
Hiri mailako prestaketan dabilen batzarra astero biltzen da Donostian. Bilera hauetan emakumeok* biltzen gara Euskal Herriko Mugimendu Feministaren adierazpenak jasotzeko, auzo bakoitzean egindako aurrelanketak konpartitzeko eta hainbat egitasmo antolatzeko.
Eta auzoetan?
Auzoetan bilera mistoak egin dira. Auzo bakoitzak grebarekiko lanketa aurrera eramateko erabaki propioak hartu ditu; betiere, bat etorriz Donostiako batzarrarekin eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren planteamenduarekin.
Intxaurrondon, adibidez, hainbat auzo bilera egin dira eta bertan informazio puntua jartzeko ideia atera zen, eta igandero auzoko hainbat lekutan jarri izan dugu, grebarako deialdia zabaltzeko. Gainera, pankartak egin ditugu eta auzoan pankartak eta kartelak jarri ditugu astero. Horrez gain, auzoko azterketa egin genuen, zaintza zerbitzu guneak identifikatuz eta publikoen eta pribatuen arteko desberdintzea eginez.
Añorgan, batzar mistoak egin dira eta bertan adostutako hainbat ekintza egin ditugu. Esku orriak postontzietatik banatu ditugu, propaganda banatu dugu, pankartak jarri ditugu, auto karabana egin dugu, eta abar. Grebarekiko atxikimenduak jasotzeko, hainbat auzotarren argazki bilketa eta bideo laburrak ere osatu ditugu. Greba egunerako egitaraua ere prestatu dugu, auzoan greba egunak presentzia izan dezan.
Ze egitarau prestatu duzue Donostian Azaroak 30erako?
Donostian 12:30ean bilduko gara udaletxe parean eta ibilalditxo bat egingo dugu erakunde publikoak interpelatuz eta Gipuzkoa plazan amaituz. 14:30ean, bertan bazkalduko dugu —bazkari autogestionatua, tuperrekin— eta, 16:30ean, denak elkarrekin txango bat egingo dugu informazio piketea eginez eta Antiguako tunelean amaituz, 18:00etako manifestazioa elkarrekin egiteko. Egunaren amaieran DJ emanaldi bat aurreikusten da.
Bestalde, goizean auzoetan ekintza propioak egingo dira, aipatutako batzarretan landu direnak. Intxaurrondon, esaterako, auzoan identifikatutako zaintza guneetatik igarotzen den ibilaldia planteatzen da, ondoren elkarrekin udaletxera jaisteko.
2018ko eta 2019ko greba feministek mugarriak ezarri zituzten. Nola baloratzen duzue ordutik hona egindako lana? Eta aurtengo grebak ere mugarri bat markatu dezakeela uste duzue?
Aurreko grebetan mugimendu feministak mobilizatzeko eta saretzeko indarra baduela erakutsi zuen. Ordutik, feminismo ezberdinak uztartzeko gaitasuna duela ere erakutsi du.
Zaintza lanak ez du aitortzarik, eta prekarioa, feminizatua eta arrazializatua da, pribatizatuta egoteaz gain. Ordutik hona, argi gelditu da zaintzak gizartea sostengatzen duela, baina ezin zaiola sistema honi eutsi eta sistema iraultzea ezinbestekoa dela.
Greba orokorra izango da, beraz, gizonezkoak ere greban parte hartzera deituta daude. Izan ere, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borroka ez da emakumeen ardura soilik. Horrela, aurrelanketan greba batzorde mistoak ere osatu dira. Horregatik guztiagatik, uste dugu mugarri bat markatu dezakeela greba honek.
Grebaren ondoren, zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?
Greba tresna gisa ikusten dugu, inflexio puntu baten moduan. Saretzeak emateko eta taldeak berrantolatzeko.
Zaintza sistema publiko baten alde, borroka egitea denon ardura baita. Guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen gizartea exijitu nahi dugulako.


