San Telmo museoak arte historikoaren aretoa eraberritu du
Publikoarentzat zabalik egongo da bihartik aurrera San Telmo museoko arte historikoko areto berritua, birmoldaketa baten ondoren. Kontzeptualki, aretoaren muinak diskurtso kronologikoa izaten jarraituko du, “hori delako funtzionalena eta bildumako piezez gozatzea gehien ahalbidetzen duena”, museoaren arabera.
Bertan jasotzen den aldia XV. mendetik XX. mendera (1925) artekoa da. Gune honetan txertatu dira euskal pinturaren aurrekariak eta euskal artisten lehen belaunaldiak, orain arte euskal artearen aretoan erakusten zirenak. Gune honetako piezak beren kalitatearengatik edota arte estilo eta testuinguru historiko jakin bat ordezkatzeko egokitasunagatik hautatu dira.
Aurreko erakusketan ez bezala, hautaketari dagokionez “irizpide zorrotzagoa” jarraitu du museoak, gehiago nabarmentzen den obra kopuru txikiago bat bilatuz. Hala, aurkeztutako erakusketa honek 101 pieza ditu. Horietatik 80 San Telmoren bildumakoak dira, hogei museoaren parte dira, nahiz eta Museo del Pradoren gordailu historikoak diren, eta bat Bilboko Arte Ederren Museoko lagapena da.
Horien artean artista garrantzitsuen obrak daude, besteak beste, El Greco, Rubens, Guido Reni, Alonso Cano, Ykens, Carreño de Miranda eta Fortuny; baita euskal artista ezagunenak ere, hala nola Valentin Zubiaurre, Iturrino, Olasagasti, Regoyos… Museoak bederatzi obra berri gehitu ditu Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, gordeak egon direnak eta zaharberritze tailerretan prestatu dituztenak ikusgai jartzeko.