Sukia enpresak Donostiako Zentro Sozialista hustu nahi duela salatu dute
Huste arriskuan dago Donostiako Zentro Sozialista, Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak atzo azaldu zutenez. Sukia enpresaren jabetzakoa da eraikina, eta hura husteko prozedurari heldu dio. Auzi judizial bat dago irekita Zentro Sozialistaren kontra, eta abenduaren 1erako dago ezarrita bista bat epaitegian. Bista horretara deituta dago kide bat.
Azken hilabeteetan emandako erabilera ekarri dute gogora Kontseilu Sozialistako kideek: aholkularitza eta babesa emateko bulegoak ireki dituzte bertan Donostiako Etxebizitza Sindikatuak eta Laneko Autodefentsa Sareak, eta elkartzeko eta jardun publikorako gune bat bihurtu da espazioa hainbat antolakunde politikorentzat. Horretaz gain, Zentro Sozialistan doako zerbitzuak eskaini dituzte; hala nola, klase partikularrak eta kirol entrenamenduak.
Donostiako Kontseilu Sozialistak joan de apirilean jakinarazi zuen eraikin bat birjabetu zuela Egia auzoan, Zentro Sozialista bilakatzeko. Atzo gogorarazi zutenez, “proletalgoaren miseria egoera gainditzeko espazio gisa” aurkeztu zuten zentroa; “antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa”, hain zuzen ere.
Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak eta Donostiako Kontseilu Sozialistak abenduaren 1erako ezarrita dagoen bista bertan behera utz dezala exijitu diote Sukiari. Espekulatzaileen aurka borroka egitera deitu dute, baita Zentro Sozialistak defendatzera ere.
Sukia enpresak Donostiako Zentro Sozialista desalojatu nahi du.
— Defentsa Komunitatea (@defentsakom) November 23, 2023
Horren aurrean, abenduaren 1ean izango den bista bertan behera uztea exijitzen diogu; desalojo prozesua eten dezala eta irtenbide bat bilatzeko deia egiten diogu.
Espekulatzaileen aurka, Zentro Sozialistak aurrera! pic.twitter.com/PCj66BSTIf