Ancorak Bretxako farmaziaren zaharberritzea deitoratu du
Donostiako eraikin historikoen alde lan egiten duen Ancora fundazioak Bretxako farmaziaren zaharberritzea deitoratu du. Donostiako Parte Zaharraren atarian dagoen farmazia horrek 90 urte eman ditu hasierako diseinuarekin, Ancoraren arabera, “bere ondare balioaz jabetzen ziren jabeek zaintzen” baitzuten. Azken asteetan, ordea, egungo estandarretara egokitu dute eta zaharberritzen lanek goitik behera aldatu dute 1933an inauguratu zuten komertzioaren jatorrizko itxura. Besteak beste, garaiko tipografia zuen kanpoalde bakunari egiten dio erreferentzia fundazioak, marmolaren ordez, kareharria jartzea proposatzen baitu proiektuak. Era berean, zuraren ordez xafla metalikoak jarri eta jatorrizko kolore berdea beltzez ordezkatu nahi dutela azaldu dute zabaldutako oharrean.
Ancoraren arabera, zaharberritze hori babesik ez izatearen emaitza da. Azaldu dutenez, Ancorak babestutako eraikinen artean sartzeko eskaera egin zuen, eta gabezia horri erantzunez, “Hirigintzako zinegotziak uda honetan ziurtatu zuen saltoki historikoen erreformak zainduko zituela”. Udaleko iturriek nabarmendu dute Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia “adi” egon dela, egon behar zuen moduan: “Ancorak dio Arzallus adi egongo zela saltoki historikoak berritzean, eta horrela egon da. Izan ere, adi egon izan ez balitz, ez luke foru aldundiaren txostena izango, eta ez litzateke kanpoaldea saltoki historikoa zuen moduan utziko (letra tipografia eta guzti), baina material berriekin”.
Hala ere, itxura aldaketa hori ez da betirako izango, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak egiteko baimenean baldintza gisa jarri baitu kanpoaldea orain arte zegoen moduan uzteko. Izan ere, farmazia ez dago Eraikitako Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezian (EHOBPB), baina bai hiriko Monumentu Multzoaren barruan, eta, beraz, aldundiaren baimena behar da lanak egiteko. Horrela, udaleko iturrien arabera, “farmazia oso zaharkituta zegoen, eta jabeek berritu nahi zuten. Horretarako hainbat baldintza bete behar dituzte, eta hala egingo dute. Gauza da, edozein obra txiki egin nahi bazuten baimena lortzeko zaila izango zuten, izan ere, ez zen irisgarria eta horrek obra handiago bat egitea behartuko lituzke. Horregatik, erabaki zuten farmazia eguneratzea, baina beti kanpoaldea betiko itxurarekin mantenduta”.