«Eguneroko baldintzak gero eta txarragoak dira»
Zaintzarekin lotutako sektore guztien moduan, oso sektore feminizatua da erizaintza, eta horrek eragin nabarmena dauka erizainen egunerokoan, Donostia Ospitaleko Belinda Linares (Lesaka, Nafarroa, 1977) eta Miren Gonzalez (Loiolako Erribera, 1981) erizainek azaldu dutenez. Hogei urtetik gorako esperientzia dute biek, Satse sindikatukoak dira eta beste euren egoeraren eta aldarrikapenen berri eman digute, baita osteguneko grebarako deia egin ere.
Nolakoa da zuen egunerokoa?
Belinda Linares (B.L.): Nire zerbitzuan, batez ere, gastroskopiak eta kolonoskopiak egiten dira. Etortzen diren pazienteak ebakuntza gela moduko batean sartzen dira, guk proba batzuk egiten dizkiegu, eta etxera; edo, ingresatuta badaude, euren gelara itzultzen dira. Orduan, zaintzari dagokionez, gurekin dauden tarte horretan bai zaintzen ditugu, baina ez da beste arlo batzuetan bezala, non egun osoan zehar zaindu behar diren zainduak.
Miren Gonzalez (M.G.): Nik ZIU pediatrikoan eta jaioberrienean egin dut beti lan, eta hor gure pazienteak denbora asko egon ohi dira, beraz, zaintza lan handiak behar dituzte; haurrak izanda, gainera, are gehiago. Eta guk dena ematen dugu gure txikiak aurrera atera daitezen.
Zein da zuen sektorearen egoera?
B.L.: Ni lanean hasi nintzenetik hona txartu egin dela esango nuke, lan baldintzak okertzen ari direlako eta langile gutxiago daudelako; guk egunerokotasunean nabaritzen dugu hori. Izan ere, esaterako, lehen bajak eta librantzak ordezkatzen ziren, eta orain askotan ez dira ordezkatzen. Hori dela eta, langileon artean banatu behar ditugu pazienteak, lan karga areagotuz. Soldata aldetik, egia da ezin dugula gauza txar handirik esan, hitzarmenak eguneratu ez direla esatetik harago. Ordea, eguneroko baldintzak gero eta txarragoak dira.
M.G.: Ez da beharrezko belaunaldi aldaketa ematen ari, eta horrek gabezia handiak sortzen ditu gure egunerokoan.
Egoera ez da berdina izango sektore pribatuan eta publikoan, ezta?
M.G.: Ez dauka zerikusirik. Normalean, jendea sektore pribatura doanean lanera, izaten da zentro pribatuetan curriculumaren arabera kontratatzen zaituzte. Osakidetzan, zerrenden arabera bizi garenez, askoz gorabeheratsuagoa da: urte asko pasatzen dira ikasketak amaitu eta hemen lanean hasten zarenetik egonkortasun pixka bat lortzen duzun arte. Nik 21 urte daramatzat hemen lanean eta Belindak antzeko, eta ziurrenik hurrengo urtean sinatuko dugu gure plaza.
B.L.: Nik 18 urte daramatzat, hiru seme-alaba dauzkadalako, eta bakoitzarekin hartutako eszedentziak ez dizkidatelako kontabilizatu. Hori ere feminismoarekin erabat lotuta dago: eszedentzia hartzen dut nire seme-alabak zaintzeko, ahalegin ekonomiko, sozial eta psikologiko bat eginez, eta hori aitortzetik urrun, ahalegin horrek nire lan bizitza okertu du, eszedentzia hartu gabe ziur aski lehenago lortuko bainuen plaza.
Zaintzarekin oso lotuta dago erizaintza, hain zuzen ere, greba feminista orokorrak erdigunean jartzen duenarekin.
M.G.: Gure lanbidearekin erabat lotuta dago zaintza, eta horregatik dago horren feminizatuta, gizartean oso barneratuta dagoelako zaintza lanak emakumeok egin behar ditugula. Guk geuk, nahigabe, barneratuta daukagu guk zainduko ditugula gure semeak, gure aitak, gure aitaginarrebak…
B.L.: Guk geuk ez ezik, ingurukoek ere barneratuta daukate hori, askotan esaten baitira “zu erizaina zara, zuk oso ondo zainduko duzu ama”, eta halako gauzak.
M.G.: Azkenaldian, gizonek ere zaintza ardurak hartu ditzaten legeak onartu dira, eta gizon batek zaintza lanak egiten dituenean legeak babestuta egin ditzan diseinatu dira lege horiek. Ordea, emakumeok urteak daramatzagu zaintza lan horiek egiten, legearen babesik gabe.
B.L.: Pentsa, nik seme-alabak eduki nituenean, nire gizona zenak bost egun natural baino ezin zituen hartu aitatasun baimen gisa. Zorionez, hori asko aldatu da.
Zer suposatzen du sektore feminizatu batean lan egiteak?
M.G.: Emakumeak izateak eta zaintzarekin lotuta dagoen sektore batean lan egiteak gaizki-ulertuak sortzen ditu sarritan, ziurtzat ematen baita emakume izate hutsagatik pazienteak goxotasun handiagoz zainduko dituzula edo gehiago maitatuko dituzula, nolabait esatearren. Eta gizon erizainei, askotan, esaten diete, “ezin izan zenuen medikuntza egin?”. Hau da, ideia da gizonak medikuntza egin behar zuela eta emakumeak erizain izan behar zuela bai ala bai. Halako iruzkinak egunerokoan entzuten dira.
B.L.: Egunerokotasuneko jokabide mikro matxistak dira horiek. Hain zuzen ere, askotan, pazienteak harrituta gelditzen dira emakume mediku bat ikusterakoan. Eta, era berean, erizain emakumeok pazienteek iruzkin desegokiak ere egunerokoan jasaten ditugu: “Hola, chata”, “ya viene la guapa a hacerme la cura” eta halakoak. Baita ere, askotan, gizon erizainek zaintza eta garbiketa lanak ez egiteko eskubidea dutela dirudi, lehenesten delako beraiek lan burokratikoak egitea. Gero eta gutxiago gertatzen da, zorionez, baina oraindik gertatzen dira halakoak.
Soldata, baldintza edo bestelako arrakalak daude zuen sektorearen barruan?
M.G.: Horren sektore feminizatua izanda —%80 emakumeak gara—, ardura postu askotan emakumeak daude. Ordea, egia da gizon bat zerbitzu bateko gizon bakarra bada, errazagoa dela bera iristea ardura postu batera, zerbitzu bereko emakume bat iristea baino. Horrez gain, esan behar da ospitaleko sektore gehienak oso feminizatuta daudela, eta ez duzula ia gizonik ikusiko maila baxuagoko sektoreetan: garbitzaileenean, erizain laguntzaileenean, eta abar.
B.L.: Medikuei dagokienez, historikoki emakume baino gizon gehiago egon dira, baina hori aldatzen ari da orain, eta gero eta emakume gehiago daude, aipatu iruzkinak jasaten dituztenak.
Zeintzuk dira zuen sektorearen aldarrikapen nagusiak egun?
B.L.: Oposizioen kudeaketarena nabarmenduko nuke nik. Izan ere, aurreko oposizioa ebatzi gabe badago ere, beste bat egin behar izan dugu, nahiz eta askok aurrekoarekin plaza lortuko dugun. Bitartean, ordea, langile asko eta asko behin-behinekotasun egoeran daude.
M.G.: Prozesu asko ditugu irekita, baina Osakidetza bere erritmora doa, eta horrek eragina dauka gure egunerokotasunean. Askotan, zaila da jendeari azaltzea zergatik kexatzen garen. Izan ere, langileen gehiengoarekin alderatuta soldata onak ditugunez, jende askok ez du ulertzen zergatik kexatzen garen eta kuestionatu egiten gaitu, baina gizonak izango bagina ziur ez gintuela inork kuestionatuko. Aldiz, ez dira ikusten gure eguneroko arazoak: egun batetik bestera deitzen gaituztela lan egiteko, kontratua hartzen ez badugu zerrendetan behera egitearekin mehatxatzen gaituztela, ordutegien aldaketak, lan kargaren areagotzea, eta abar.
Zergatik da garrantzitsua azaroaren 30ean grebara joatea?
B.L.: Denok nahi dugulako duintasunez zainduak izan. Zoritxarrez, ordea, dena pribatizatzen ari dira, eta horrek egoera okertzen du. Horregatik, pribatizazioak gelditu behar dira, eta etxeetan lan egiten duten zaintzaileen egoera hobetu.
M.G.: Eta, baita ere, emakumeon lana aitortu behar delako eta gure eskubideak ere bermatu behar direlako.