'Gerriya' leloarekin dator hemezortzigarren Feministaldia

Gerriya leloa oihutzat hartuta dator Feministaldiaren XVIII. edizioa. Azaroaren 27, 28 eta 29an Kontadores gazte zentroan eta abenduaren 1ean eta 2an Tabakaleran ospatuko da Donostiako Kultura Feminista Jaialdia. Aurten, 36 artista, aktibista, dantzari, pentsalari eta kolektibok osatu dute gonbidatuen zerrenda. Gaur hasi eta larunbateraino luzatuko den hemezortzigarren edizioak bertako eta kanpoko borrokak uztartuko ditu, eta gerriyak, egitarau zabala eskainiko du: ikastaroak, hitzaldiak eta mahai inguruak; performanceak, errezitaldiak, koktelak eta showroomak egingo dira besteak beste.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ultraeskuinaren gorakada, genozidio eta isolamendu garaietan inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen dute transfeminismotik eta antiarrazismotik egindako iraultzek. Hori horrela, askotariko gonbidatuak izango dira, iraultzan eta dantzan ekarpenak egiteko. Nabarmentzekoa da, besteak beste, asteartean Kontadoresen antolatutako mahai ingurua: Lore Lujanbio, Etxekotu gabeko emakume langileak, Elene Lopetegi eta Tania Sirianyk zaintza kontzeptuaren eta zaintza eskubide kolektiboaren inguruko eztabaida mahaigaineratuko dute azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren atarian.
Larunbatean, bestalde, egitarau zabala eskainiko dute. Batetik, Euskal Herrian askotariko borroketan diharduten pertsonak izango dira, eta arte garaikidearen eremutik datozen gonbidatuek dantza eta performance ikuskizunak eskainiko dituzte . Bestetik, gorputzak festarako prestatzeko Iñi Etxezarreta Tocak lagunduta “Koadro” showroom kolektiboa egongo da, arratsalde guztian zehar eta gauean, Sofy Suars, Landa eta Puñales gidatuta eta Sonia Fernandez Panen arituko dira gau giroa jartzen Dabadaban.
Feministaldiako emanaldietan sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Nolanahi ere, asteleheneko Dancehall lantegirako eta larunbat iluntzean Dabadaban egingo den festarako izena eman behar da. Emanaldietako batzuk, halaber, bideo bidez ikusteko aukera egongo da Feministaldiako webgunean. Bertan, dagoeneko programazio osoa ikusgai dago, egunez-egun.