Iñigo Martinez de Albornoz eskiatzaileak zilarra eskuratu du Val Thorenseko Munduko Txapelketan

Iñigo Martinez de Albornoz Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko hautagai sendoetako bat izan daiteke. Val Thorenseko (Frantzia) Munduko Kopako esprint proban podiumera igo da berriro asteburuan, bigarren postuan eskuratuta. Oso ondo moldatu zen hasieratik eta sailkatze txandan hirugarren gelditu ostean ( 03: 11.20ko denborarekin), final laurdenetan lehena izatea lortu zuen, 03: 14.42ko denborarekin. Finalerdietan eta finalean, ordea, 03: 15.14ko denbora eskuratu zuen, Oriol Cardona garailearengandik hiru segundora amaituta.
Donostiarrak azaldu duenez gogotsu ibili da lehiaketan eta pozik agertu da lortutako emaitzarekin: “Helburua finalera pasatzea zen eta horrela izan da. Nire emaitzarik onena lortu dut Munduko Kopan. Gogotsu nago denboraldiarekin jarraitzeko, eta hurrengo helburuei begira jartzeko”. Hain zuzen, helburu horien artean dago 2026an Cortina d’Ampezzon (Italian) egin behar den olinpiar jokoetan sailkatzea.
Iñigo Martinez de Albornoz maila igotzen dabil pixkanaka eta azken urteotako emaitzak dira horren adibide: 2022an hirugarren izan zen Boi Taüll Europako Txapelketako esprint lasterketan, eta 2023an Boi Taüllen egindako mendiko eskiko Munduko Txapelketan seigarren postua eskuratu zuen esprintean, eta laugarrena errelebo mistoan, Marta Garciarekin batera. Orain zilarra eskuartean, gora begira jarraitzen du.