Jon Arzubialde donostiarrak 60 urtetik gorakoen errekorra hautsi du Donostiako Maratoian
Benson Tunyo Murkomen izan zen garaile gizonetan (2:12:15) eta Emmah Cheruto Ndiwa emakumezkoetan (2:31:25).

Donostiako Maratoia egin zuten atzo (hilak 26), eta Jon Arzubialde atleta donostiarrak historia egin zuen. Izan ere, 60 urterekin, bi ordu eta erdi pasatxoan (2:34:06) egin zituen maratoiko 42 kilometroak (42 kilometro eta 195 metro), kilometroko 3:39 minutuko erritmoan, eta 60 urtetik gorakoen munduko errekorra hautsi zuen. 2009tik, Yoshihisa Hosaka japoniarrak zuen errekorra, Beppu Cityn 2:36:30-ko denbora egin zuenetik. Tommy Hughes britainiarrak bi aldiz gainditu du Hosakaren errekorra (2020an, 2:30:02 eta 2021ean, 2:31:18), baina World Master Athletics erakundeak ez ditu bi marka horiek aitortu; orain, ikusi beharko da donostiarraren marka aitortzen duen.
🤯 EL ATLETA DEL DÍA: JON ARZUBIALDE
— CORREDOR (@soycorredor_es) November 26, 2023
💥 RÉCORD DEL MUNDO M60 DE MARATÓN 💥
⏱️ 2:34:06 – Zurich Maratón de San Sebastián.
● ¡A 3:39min/km!
● ¡Con 60 años!
● Anterior WR: 2:36:30 de Yoshihisa Hosaka 🇯🇵
● Dorsal 32 del vídeo 📽️ que nos llega via @antoalix.
🔗 Entrevista de… pic.twitter.com/brD61Chwfp
Bestalde, maratoian, maratoi erdian eta hamar kilometroko proban parte hartu zuten kirolariak batuta, guztira 5.690 lagunek hartu zuten parte igandean Donostian antolatutako probetan. Horietatik, 2.629k maratoia egin zuten, 1.635ek maratoi erdia eta 1.426 hamar kilometroko proba. Kenyarrak izan ziren maratoiko lehenengo gizona zein emakumea: Benson Tunyo Murkomen izan zen garaile gizonetan (2:12:15) eta Emmah Cheruto Ndiwa emakumezkoetan (2:31:25).
Maratoi erdiari dagokionez, Reilly Bloomer estatubatuarra (1:07:11) eta Tastet Fanny frantsesa (1:19:30) izan ziren garaile, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, hurrenez hurren. Hamar kilometroko proban, azkenik, Maitane Melero nafarra (34:26) eta John Sanderson britainiarra (30:36) izan ziren garaileak.