Sadiqen gol ikusgarri batekin irabazi du Realak

Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen atzo Realak Anoetan, edozein realzaleek luzaroan gogoratuko duen partida horietako batean. 2-1 irabazi zion Imanol Alguacilen taldeak Sevillari, eta bereziki bigarren golarengatik gogoratuko dute realzaleek partida. Izan ere, Sadiqek, hamabost hilabete golik sartu gabe pasatu eta lesiotik itzuli zenetik maila eskasa erakutsi ostean, zelai erdian jaso zuen baloia (23. minutuan), bere erritmo bereizgarri horrekin aurrera egiten hasi zen, Sevillako pare bat jokalari atzean utzi zituen eta 35 metrotik jaurtiketa egin zuen. Anoetan zegoen zale bakar batek ere ez zuen uste jaurtiketa hori barrura joango zenik, baina barrura joan zen, bai; geldiezina izan zen Dimitrovicentzat. Eromena Anoetan.
Horren aurretik, Barrenetxeak sartu zuen lehenengoa, laugarren minutuan, ezker hegaletik falta bat barrura bidalita. Lehenengo zatia txuri-urdinena izan zen argi eta garbi, eta bigarren zatian Sevillak gol bat sartu eta Realak minutu batzuez sufritu bazuten ere, azken minutuan erosoak izan ziren etxekoentzat. Izan ere, Sevillak bederatzi jokalarirekin jokatzen bukatu zuen, Ramosek eta Navasek, esperientzia handiko jokalariak izanda ere, modu erridikuluan ikusi zituzten txartel gorriak.
Futbolarekin jarraituz, Realeko neskek 2-0 irabazi zuten etxean Valentziaren aurka larunbatean. Garaipen garrantzitsua izan zen Natalia Arroyoren taldearentzat, aurkari zuzena baita Valentzia; orain, ligako bederatzigarrenak dira txuri-urdina.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Araskiren aurkako derbia nagusitasunez irabazi zuen larunbatean, eta ligako seigarren postuan jarraitzen du. Gipuzkoa Basketi dagokionez, argi gailendu zen ostiralean Ourenseren aurka, eta laugarren postuan sendo dago.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek ezin izan zuten garaipena etxera ekarri larunbatean, 3-2 galdu baitzuten Huarteren aurka (2-2, 1-0 eta 0-0). Ligako laugarren postuan daude donostiarrak.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 14. jardunaldia
- Reala 2 — Sevilla 1
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Reala 2 — Valentzia 0
Saskibaloia
Emakumeen liga, 9. jardunaldia
- Araski 58 — Ibaeta Basket 71
Gizonezkoen bigarren maila, 9. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 99 — Ourense 65
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 10. jardunaldia
- Huarte 3 — Txuri Urdin 2