«Senetik eraikitako poemak» argitaratu ditu Harkaitz Canok

Harkaitz Canok Ulu egiteko bolondres bila poesia liburua kaleratu du, azken liburua argitaratu eta urtebetera. Sonetoak bildu zituen aurreko liburuan, baina oraingoan ez dio molde horri jarraipenik eman. “Bulkadatik edo senetik eraikitakoak dira poema gehienak”, adierazi du idazleak.
Liburua lau ataletan banatuta dago, eta Canok azkenean jarri nahi izan du arreta liburua aurkezterakoan, Klarion laborategia (1) deiturikoan. Jorge Oteizari lapurtutako kontzeptua da —Canok bere izaera kleptomanoa aldarrikatu du —, eta idazle baten tailerra erakutsi nahi izan du bertan: “Ideia segida moduko bat da, testu laburrez osatuta”.
Askotariko edukiak topa daitezke bertan, “ia gehienetan” ordena jakin batean: urteetan zehar pilatutako oharrak, datu estatistikoak, kantu zatiak, eta abar. Izenburuari jarritako 1 zenbakiak aurrerago izen bereko atal gehiago etorriko direla iradokitzen du, eta hala nahiko lukeela onartu du Canok berak.
Poesiaren baliozkotasuna ere izan du hizpide idazle lasartearrak: “Poesia fede kontua da, eta fede gutxi diogu”. Hizkuntzarekiko dugun fede eskasarekin lotu du Canok hori: “Zertarako balio du hizkuntzak? Gauzak kontatzeko ala soilik ezkutatzeko eta negozioa egiteko?”. Galdera horiek eta horien erantzunen zertzeladak topatuko ditu irakurleak Canoren azken lanean.