Zabalza omendu dute Altzan, baita «argi-ilunez beteriko» urtearen errepasoa egin ere

Igandean 38 urte bete ziren Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra eta Altzako bizilaguna atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman eta han torturapean hil zutenetik —bere bikotekide Idoia Aierbe, bere lehengusu Manuel Bizkai, bere anaietako bi, Patxi eta Aitor, eta Ion Arretxe idazlea ere atxilotu zituzten operazio berean—. Urteroko legez, urteurrenaren bueltan, omenaldia egin zioten Zabalzari larunbatean Altzan, Mikel Zabalza Herri Ekimenak antolatuta, San Martzial plazako Mikelen Txokoan.
Hitzartzean, herri ekimeneko kideek nabarmendu zuten “argi-ilunez beteriko urtea” izan dela 2023a: “Argia ikusten dugu Nafarroan Torturatuen sareak burutzen duen lanaren berri dugunean. Aurten, erriberaz bultzatzen ari diren ikerketak emandakoaren berri izan dugu. Lantalde zabala osatu da eta dagoeneko 56 lagunen kasuak identifikatu dituzte. Ezkutatuta eta isildua zen errealitatea azaleratu dute, lagun askok haien barruan gordea zutena ateratzea, publiko egitearen urratsa eman dute. Eta hori zinez berri ona da. Haiek, biktima gisa, behar dute. Guk, herri gisa, egi hori behar dugu”.
Eusko Jaurlaritzak egindako urratsak ere aitortu zituzten: “Jaurlaritzak ere ekimen ofizial bat egin du, estatuaren bortizkeriaren 66 biktimari aitortza emateko. Beste urrats bat norabide onean”. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian egon ez izana deitoratu zuten: “Segur aski, Iñigo Urkulluren ahotik entzunda indar gehiago izango zuten ekitaldiko hitzek, irismen zabalagoa, baina gai honekiko bere konpromisoaren inguruko zalantzak ditugu. Halako une inportantea izan behar zenere berandu iristea, amaitzen ari zenean hain zuzen… eta ezer ez aipatzeko. Gainera, ekimenaren izenburua Verdad, memoria, reconocimiento, garantía de no repetición zen. Justizia, izenburuan ez zen”.
Ordea, urtean zehar izandako une ilunak ere gogoratu zituzten: “Jose Ignacio Fernandez Guaza ultraeskuindarraren adierazpenak ere irakurtzeko aukera izan genuen: gerra zikinean barruraino sartuta, Guardia Zibilarekin zuten harreman ezin hobea aitortu zuen: “Teníamos carta blanca” zioen; eta kuartelei buruz, zera: «eran nuestras casas». Amaitzeko, Manuel Sanchez Corbi koronela, 1998an Kepa Urra torturatzeagatik kondenatua izan eta Aznarrek indultatutako guardia zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren domina jaso zuen: zilarrezko gurutzea. Honek, berriz, zera oroitzen digu: euskal herritarrak torturatzea saritua dela”.
“Sasi guzti horien artean bidea egiten segitzen dugu eta Mikelen gaiak ere bere bidea egiten segitzen du. Ez da ahaztua eta aitortza mailak irabazten doa. Ostegunean aurkeztu den liburuak horren bidean urrats garrantzitsua da [Registros de memoria]. Iaz, Denis Itxasorengana jo genuen. Harremana egin genuen eta, PSOEko zein estatu ordezkari gisa, herri honekiko duten zorra kitatzea eskatu zitzaion. Ia urte bat pasatu denean, zain gaude. Eta galdera berriz ere pausatu beharko diogu”, gehitu zuten.
40. urteurrenera begira
Bi urte barru 40 urte beteko dira Zabalza hil zutenetik, eta herri ekimenak gaia “modu berezian lantzeko asmoa” duela nabarmendu zuten: “Denon parte hartzearen bidez ideiak ekartzea bultzatuko dugu, une inportantea bihurtzeko. Beste mugarri bat bide luze honetan. Badugu, beraz, beste erronka bat, denon laguntza eskatuko duena. Hurrengo hilabeteetan parte hartze dinamika bat bultzatuko dugu. Altzatako herria berriz ere hor egongo da, Mikel eta bere lagunak oroitzen, memoria eta aitortza lantzen, egia zabaltzen eta justizia exijitzen”.