Añorgan 248 etxebizitza eraikitzeko plana berraktibatuko du udalak
Añorga Txikiko industria pabiloi okupatuetan 248 etxebizitza berri eraikitzeko Plan Berezia gaur bertan aktibatuko dute berriro, Gobernu Batzordeak dokumentua behin behinean onartu ostean. Zehazki, plan berriak 156 etxebizitza libre, babes sozialeko 46 etxebizitza eta 46 etxebizitza tasatu izango dituela jasotzen du. Era berean, plaza berri bat sortzea aurreikusten da, baita Amasorrain ikastola handitzea eta Añorgako errekastotik 195 metro inguru berreskuratzea ere.
Añorgako bizilagunek azken bi urteak eman dituzte proiektuaren aurka. Bizilagunen arabera, plan berri horrek sortuko duen masifikazioaz gain, eraginak izango ditu mugikortasun, aparkaleku eta aisialdian. Era berean, hizkuntza politikak izan dituzte hizpide, Donostian euskararen erabilera indize handiena baitu auzoak. Protesten aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozio batek aurkeztu zuten, izapideak aurrera eramateko parte hartze prozesua egin gabe zegoela ikusita. Gehiengoaren babesa eskuratuta, udalaren hirigintza plana atzeratzea lortu zuten, iazko martxoan, obren ardura duen enpresak Firestone fabrika zaharraren eraikina eraitsi zuen arren.
Gauzak horrela, gaurko argi berdearekin martxan jarriko da berriz ere proiektua. Bizilagun eta elkarteen erreklamazio batzuk barne hartu ditzake, besteak beste,espaloiei, zuhaitzei, aparkalekuei, biribilguneari eta merkataritza ekipamendu berriarekin dagozkionak. Era berean, izapidetzen ari den dokumentuak Atotxaerreka eta Narcisaenea eraikin zaharrak mantentzea aurreikusten du, eta Añorgako saihesbideko bide lotura batzuk kentzea aztertuko du, auzoa eta Infernua etxebizitza berriekin lotu ahal izateko.