Hipolito Berasategi frankismoaren biktimaren gorpuzkiak aurkitu dituzte
Hipolito Berasategi Alcalde Donostiako bizilagunaren gorpuzkiak identifikatu dituzte, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak jakinarazi duenez. Iñaki Egaña historialari eta memoria historikoan adituaren arabera, haren gorpuzkiak senideei emango dizkiete Donostiako udaletxean egingo den ekitaldi batean. Gogorak beste bi biktimaren identifikazioaren berri eman du, eta hiruren senideekin harremanetan jarri dela jakinarazi du, gorpuzkiak entregatzeko.
Briviescan jaioa (Burgos, Espainia), Donostian bizi zen, eta 36ko gerraren hasieran atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten. 1936ko azaroaren hasieran fusilatu zuten, baina desagertuta zeuden bere gorpuzkiak eta Hernanin fusilatu zutela pentsatu izan da.
Ordea, 1960an, Iragorri inguruan (Oiartzun), exekutatu batzuen gorpuzkiak berreskuratu zituzten, eta herriko hilerrian lurperatu zituzten, Luis Peña Gantxegi arkitektoaren Oroimenerako frontoia hilobi monumentuan. 2021ean, Aranzadi Zientzia Elkarteak hobi horretako gorpuzkiak atera zituen, hainbat proba genetiko egiteko, eta proba horien bidez baieztatu dute hobi horretan ehortzitakoen artean zegoela Hipolito Berasategi. Haren alaba Josefa ‘Pepi’ Berasategik emandako DNA laginari esker egin ahal izan dute identifikazioa.
Felix Rodriguez Arana eta Francisco de la Cruz Orellana
Beste bi biktimaren identifikazioaren berri eman du Gogorak: Felix Rodriguez Arana Pasaiako bizilagun tolosarrarena eta Francisco de la Cruz Orellana badajozarrarena.
Rodriguez Arana UGTko afiliatua zen, eta Guipuzcoa eta Karl Liebknech batailoietan borrokatu zuen 36ko gerran, 1937ko ekainaren 19an hil zuten arte. Bere gorpuzkiak desagertuta zeuden, eta 2022an Begoñako hilerrian (Bizkaia) egindako lanetan aurkitu zuten hobi komunean aurkitu ditu Aranzadik haren gorpuzkiak; haren alabak emandako DNAri esker egin dute identifikazioa.
De la Cruz Orellanari dagokionez, 36ko gerran atxilotu eta Badajozeko hainbat espetxetatik pasatu ostean, Urduñako espetxe zentralera (Bizkaia) eraman zuten 1940ko urtarrilaren 31n, eta 1941eko apirilaren 17an hil zen, 68 urte zituela. Gorpuzkiak 2014an berreskuratu zituzten Urduñako hilerritik, eta, Mallabian (Bizkaia) bizi den haren familia 2022an jarri zen Gogora Institutuarekin harremanetan, hilerrian hezur hondar berriak berreskuratu zirela jakin zuenean. DNA laginei esker egin dute identifikazioa.