«Oso zaila da merkataritzan lana eta bizitza uztartzea»
Ehungintza merkataritza sektore feminizatua den heinean, langile gehienek ordutegi murrizketak egin eta eszedentziak hartu behar izaten dituzte, lana eta bizitza bateragarriak izatea zaila delako. Hala ere, urtarrilean sinatu zuten Gipuzkoako hitzarmenari esker, baldintzak hobetzea lortu dutela azaldu du Amaia Pintado ELAko merkataritza alorreko arduradunak.
Ehungintza sektore feminizatua da. Zein da sektorearen egoera une honetan?
Partzialtasun handia dago, beste sektore feminizatu batzuetan gertatzen den bezala. Egia esan, Gipuzkoan urtarrilean sinatu genuen hitzarmena, eta hitzarmen probintziala dugu ehungintza merkataritzan. Hitzarmen horretan, partzialtasunari aurre egiteko eduki batzuk sinatu genituen. Egin genuena izan zen urtean zehar zure lanalditik gora egin dituzun ordu horiek guztiak finkatzea. Batezbestekoa hurrengo urtean finkatzea, alegia. Eta horrekin, aurten jende askok hamaika ordu inguru igo du bere lanaldia.
Hemeretzi greba egun egin genituen, eta eduki onak lortu genituen hitzarmenean, baina merkataritzan badugu arazo bat, eta da estatuan patronal berri bat sortu dela. Kate nagusietako enpresek sortu dute patronal hau: Inditex, H&M, Mango, Primark eta horiek denak, eta estatu mailako hitzarmen bat ari dira negoziatzen. Gure hitzarmen probintziala 2026an bukatzen denean, suposatzen da estatu mailako hitzarmen hau aplikatuko dela hemen ere, eta horren ondorioz, langileen lan baldintzak ezegonkortzen joango dira. Hori dela eta, greba deialdiak egin ditugu Madrileko patronal honi eskatzeko Euskal Herria estatuko hitzarmen horretatik ateratzeko.
Posible da Euskal Herria hitzarmen horretatik ateratzea?
Bueno, greba hauen bidez hori da eskatzen ari garena. Bai Madrileko negoziazio mahaian, eta baita kaleetan ere. Egiten ari bagara da pentsatzen dugulako posible dela. Ikusiko dugu hemendik aurrera zer gertatzen den, baina egia da grebaren jarraipena oso zabala izan dela. Adibidez, urriaren 30ean, Gipuzkoan bakarrik egin genuen grebarekin kate nagusietako 23 denda inguru itxi ziren grebaren ondorioz, eta egia esan, langileak oso haserre daude egoera honekin. Pentsa, hitzarmen probintzial bat sinatu genuela hemeretzi greba egun eta gero, eta orain, epe lasai bat izan behar zuenean, estatutik ere negoziatzeko daukagun gaitasuna kendu nahi digutela.
Gipuzkoako hitzarmena baino lehen, ehungintza merkataritzako langileen soldatak aldatu gabe zeuden 2018tik. Lortu duzue hori aldatzea?
Bai. Guk 2018an bagenuen hitzarmena sinatuta, baina patronalek inpugnatu egin zuten, eta hortaz, esparru honetan 1.200 bat pertsona zeuden 2009tik soldatak izoztuta zituztenak Gipuzkoan. Hemen, ehungintza merkataritzan 2.200 pertsona inguru ari dira lanean, eta horietatik, 1.200 bat Donostian. Nahiz eta 2018ko hitzarmen hori inpugnatuta egon, 1.000 bat langileri aplikatu egiten zitzaien, baina beste 1.200 horiei ez. Eta sinatu genuen hitzarmen berri honekin lortu dugu soldatek KPI-ko igoera izatea, 2009tik 2023ra.
Horrez gain, lortu genuen kate nagusietako enpresetan ere online plus-a sortzea lehenengo aldiz. Horrekin, 100 euro gehiago irabazten dituzte hilabetean. Azkenean, denok dakigu digitalizazio prozesuen ondorioz, Gipuzkoan bakarrik denda asko itxi direla azken urteetan, eta kaleratze asko egon direla. Eta enpresek aurkitu dute bidea beraien fakturazioa handitzeko online prozesuen bitartez, baina ikusten duguna da dendetan ere egunetik egunera lan karga handiagoa dutela. Horren ondorioz ere, langileek 100 euro gehiago irabazten dute orain. Gainera, igande eta jai egunetako itxiera ere blindatu genuen, eta historikoa izan zen hitzarmen hau sinatzea. Horregatik ari gara orain defendatzen, gure negoziazio honekin jarraitu ahal izateko.
Emakumeak dira ehungintza merkataritzako langile gehienak. Zein zailtasun dituzte lana eta zaintza bateratzeko orduan, adibidez?
Emakumeen ehuneko handi batek lanaldia murrizten du ordutegia finkatu ahal izateko. Merkataritzan arazo handi bat dago horrekin lotuta. Alde batetik, dendak 10:00etatik 22:00etara zabaltzen dituzte. 22:15ean Garberatik irteten badira, kasu batzuetan, 23:00etan iristen dira etxera. Beraz, izan daiteke goizean umeak-eta ez ikustea, eta arratsaldean lanean egotea. Egun batetik bestera ordutegi aldaketak izaten dituzte, eta hori oso zaila da beraientzat. Horregatik, langile askoren joera izaten da lanaldia murriztea, ordutegia behintzat finkatu ahal izateko eta beti ordutegi bera izateko.
Merkataritzan, berez, sekulako ordutegi aldaketak izaten dira. Bi egunetan goizez eta beste bitan arratsaldez egon zaitezke, baina txanda aldaketa zehatzik izan gabe. Horrela, oso zaila da merkataritzan lana eta bizitza uztartzea. Hori dela eta, eszedentzia asko hartzen ditu jendeak baita ere, batez ere, eskoletan oporraldiak daudenean.
Azaroak 30eko greba feminista orokorra aldarrikapen bereziren bat egiteko baliatuko duzue merkataritzako langileekin?
Donostian egingo diren ekintzetara atxiki gara, baina merkataritzako langileek ez dugu bereziki ezer berezirik egingo.