Tomasene ondoko aparkalekua txukunduko du udalak
Udal gobernuak Tomasene ondoan dagoen aparkalekua urbanizatzeko proiektua onartu du. Egun zelaigune bat dago bertan, baina aparkaleku moduan erabiltzen da. Lanek 206.808 euroko aurrekontua izango dute, eta hamasei asteko egikaritze epea.
Esku hartzea amaitutakoan, autoentzako 30 aparkaleku eta motorrentzat bereizitako bi leku izango ditu guneak. Udalak nabarmendu du lanak “ingurumena lehengoratzeko lanetan egindako zigilatzeak aldatu gabe” egingo direla, eta aparkalekuen artean zuhaitzak izango dituzten berdeguneak eraikitzea aurreikusten dela.
Bi espaloi mantenduko dira: Tomasene eraikinaren ondokoa, mendebaldean; eta kiroldegiaren ondokoa, ekialdean. Horiek aparkalekurako eta inguruan dauden oinezkoentzako ibilbideetarako sarbidea errazteko utziko dira.