Uliako Auzo Elkarteak Manteoko betelanei buruzko informazioa eskatu dio udalari
Uliako Auzo Elkarteak eskaera bat erregistratu du udalean, 2005ean Manteoko orubean egin ziren betelanei buruzko informazioa eskatuz. Era berean, 2007ko sententzia bat ere eskatu dio udalari, bertan udala behartzen baitzuen “aisialdirako eta biztanleriaren hedapenerako gunea” eraikitzera, eta baita “landaretza eta zuhaitzak landatzera” ere.
Aurreko astean atera zen argitara Basque Culinary Centerren egoitza berria eraiki nahi duten orubean lur kutsatua egon daitekeela, eta horren harira egin du eskaera auzo elkarteak. Ia bost metrotako betelana dago orube horretan, BCCk egindako azterketa geoteknikoaren arabera, eta horiek mugitzen hasten badira “hauts toxikoak” azaleratu daitezkeela kritikatzen dute. “Hau kontu serioa da, osasunean eragin zuzena duelako: hauts kantzerigenoak dira”, dio Felix Soto elkarteko presidenteak.
Sotok aipatu du udalak adierazi diola orubean “behar diren analisiak” egingo dituela.