Urretabizkaia txarangak soinu esperientzia berri bat estreinatuko du, Arantxa Urretabizkaiaren omenez
Tabakalerako eskailera nagusia “soinu esperientzia baten mihise” bihurtuko da Zortzia etzan, Txaranga Urretabizkaia musika talde irekiak sortutako hamaika musika piezaz osatutako instalazioaren inaugurazioarekin. Kolektiboaren izenak Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarrari omenaldia egiten dio eta berau osatzen duten musikari eta artisten aniztasuna islatzen du. Bihar aktibatuko den instalazioa Tabakalerako eskailera nagusian egindako bederatzigarren soinuzko esku-hartzea izango da, Scala proiektuak 2020an bere ibilbidea hasi zuenetik.
Nabarmendu dutenez, bihar aurkeztuko den instalazioak berezitasun bat du aurrekoekin alderatuta: bere izaera kolektiboa. Gainera, Txaranga Urretabizkaiaren ikuspegi artistikoan bilakaera bat markatzen du Zortzia etzan lanak, euren zuzenekoen elementu performatiboengatik bereziki ezaguna izan den taldea. Oraingoan, Bilboko taldeak aukera berriak aztertu ditu grabatutako soinuekin lan egitean, estudioan zein Scalaren espazioan: “Emaitza hamaika konposizioko serie bat da, eskailerako zortzi bozgorailuko sistema oktofonikoak eskaintzen dituen soinu-aukerak ahalik eta gehien baliatzeko diseinatua”.
Txaranga Urretabizkaiaren hitzetan, “obra bizi baten aurrean gaude, espazioarekin jolasten duena eta entzuleak berarekin interakzioan aritzera gonbidatzen dituena. ‘8 proposamen erritmiko eskaileretan gora eta behera ibiltzeko’ piezaren kasu zehatzean, jendeari proposatzen diogu eskaileretan ibiltzea soinuak iradokitzen duen erritmoan, eskuak gora, beti ezkerreko oinarekin, beste pertsona bati eskua emanez, etab. “.
Azkenik, Txaranga Urretabizkaiako kideek Tabakalerako elementuekin elkarreraginean jardun dute, esaterako, Julio Le Parcen ‘Kuboa’ eskulturarekin. Tabakalerako plazan zintzilik dagoen obra, protagonista bihurtzen da piezetako batean, non musikari bakoitzak altzairuzko 2.660 piezetako bat aukeratzen duen partitura grafiko bakar bat sortzeko: “Musikari bakoitzak ispilu gisa funtzionatzen duten eta oszilatorioki mugitzen diren 2.660 altzairuzko piezetako bat aukeratu dugu. Gorputza piezarekin batera mugitu dugu. Soinua aldatu egin da ispiluan islatutakoaren arabera, eta partitura grafiko bihurtu dugu”.
Esku-hartzea osatzen duten 11 piezak Tabakalerako eskaileretan entzungo dira azaroaren 29tik martxoaren 3ra arte, egunero hamaika piezetatik bat. Sortzaileek eskaileraren ondoan ikusgai dauden partiturak kontsultatzea gomendatzen diete bisitariei, obra bakoitza sakonago ulertzeko.
Inaugurazio egunean, azaroaren 29an, Txaranga Urretabizkaia taldeko kideek hizketaldi bat eskainiko dute 19:00etan Tabakalerako Z aretoan, Scala berrirako konposatutako hamaika piezak zehatzago ezagutzeko. Sorkuntza-prozesua nolakoa izan den eta erabaki ezberdinak hartzera zerk bultzatu dituen jakiteko aukera berezia izango da.
Txaranga Urretabizkaiari buruz gehiago
Txaranga Urretabizkaia 2017an sortutako musika talde irekia da. Alderdi esperimentala eta ludikoa uztartzen saiatzen da, txaranga herrikoietan ohikoak izaten diren haize-instrumentuekin (saxofoiak, tronpetak, klarineteak, etab.). Testu-jarraibide errazen bidez, espazio eta testuinguru jakinetara egokitutako partiturak eta koreografiak sortzen dituzte, gero espazio horretan bertan aurkezteko. Arreta jartzen dute performancean eta alderdi bisualean, baina baita soinuan ere.
Hainbat jaialditan jo dute: Inmersiones (Vitoria-Gasteiz), Kontenporanea Irun, Zinebi (Bilboko Arriaga Antzokia), 9 Soles (Nafarroako Museoa, Iruñea), Izar&Star (Donostia eta Bilbo), Urbanbat eta Iturfest (Bilbo); baita Eremuaken zenbait topaketetan ere (Markina, Ea). 2021ean Partiturak/s izeneko liburua argitaratu zuten, eta bertan 2017 eta 2021 urteen artean sortutako eta jotako partiturak bildu zituzten.