«Aliantzek indartsuago egiten gaituzte»
Euskararen Egunaren bueltan, Jon Insausti Maisterrena (Parte Zaharra, 1989) Donostiako Udaleko Euskara zinegotziarekin hitz egin dugu, udaletik euskararen alde garatzen ari diren egitasmoen nondik norakoak ezagutzeko, eta Euskararen Eguna nola biziko duen ere kontatu du.

Nola bizi duzue Euskararen Eguna Donostiako Udaletik? Eta nola bizi duzu zuk, Euskara zinegotzi gisa zein pertsonalki?
Egutegian horrelako egunak borobiltzea garrantzitsua dela uste dut, aliantzak jostearen garrantziaz jabetzen baikara. Eta euskarak ere behar ditu aliantza horiek bere aurrerabidea bermatzeko. Aliantzek indartsuago eta eraginkorrago egiten gaituzte. Ezinbestekoak ditugu edozein politika publiko erdiesteko. Alde guztien bultzada ezinbestekoa dugu eta. Horretan ekarpena egitea gustatuko litzaidake, herritar eta zinegotzi moduan.
Nola biziko du hiriak Euskararen Eguna aurten? Zer egitarau prestatu duzue udaletik eta zer egitarau egongo dira auzoetan? Zer jarduera nabarmenduko zenituzke?
Eragile eta herritar asko irrikaz daude Euskararen Eguna ospatu eta euskarari bultzada emateko. Datuak adierazgarriak dira eta agerian uzten dute gizarteak euskararekiko duen konpromisoa: Donostiako 65 entitatetik gora aritu dira Euskararen Eguna antolatzen hiriko hamasei auzotan eta 160 bat egitasmo eramango dira aurrera. Udala eta hiriko hainbat eragile elkarlanean aritu gara egitarau bateratua atontzeko. Donostiako Udalean, Euskara Zerbitzuarekin batera, Donostia Kultura, Partaidetza, Gazteria, eta abar. Gizarte eragileei dagokienez, hiriko euskalgintzaz gain —Bagera elkartea, euskara batzordeak, euskaltegiak, eta abar— beste zenbait entitatek ere parte hartu edo lagundu dute.
Jarduerei dagokienez, eskaintza hain zabala izanik, ziur naiz norberak gustuko duen jarduera aurkituko duela.
Zein da aurtengo Euskararen Eguneko erronka edo helburua? Eta zeintzuk dira aurrera begirakoak?
Gizartea sentsibilizatzea, euskara gertu sentiaraztea eta euskaldunon hiztun komunitatea sendotzea izaten dira helburu nagusiak. Horiek horrela, aurten teknologia eta euskara jopuntuan ditugu. Jar dezagun teknologia euskaldunon alde kanpainan hiru urrats txiki egitea eskatu diegu herritarrei, jauzi handi bat emateko euskarazko teknologiaren alorrean: telefonoak euskaraz konfiguratzea, Interneteko nabigatzaileak euskaraz jartzea eta Gaitu.eus-en ahotsa ematea. Adimen artifiziala eta ahotsa ardatza duen teknologiak ez du etenik izango. Teknologia hori garatzen duten enpresek ez dute euskara kontuan hartzen, eta makinek ez dute euskaraz hitz egingo. Horri aurre egiteko ahalegina egin behar dugu erakundeetatik eta gizarte zibiletik, eskutik helduta, auzolanean. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak bat egin dute Librezale elkarteak sustatzen duen Common Voice Nazioarteko proiektuarekin eta Euskararen Eguna baliatu da egitasmo hori Euskal Herri osoan sustatzeko. Norabide berean lan egitea funtsezkoa da. Bestalde, Euskaraldiak irakasgai ona izan dira, sinergiak eta elkarlana ezinbestekoak dira euskararen biziraupenerako.
Iazkoa pandemia osteko lehenengo Euskararen Egun normala izan zela esan daiteke, eta aurtengoa ere hala izango da. Pandemiak eragina izan zuen euskararengan, ezta? Zein da euskararen egoera hirian zein nazio mailan pandemiatik denbora bat pasatu den honetan?
Pandemiak haustura ekarri zuen euskararengandik urrun bizi ziren familia eta haurrak gehiago urrutiratu zituelako eta lotura ahul horiek erabat eten zirelako. Kontuan izan behar dugu euskara eskolan ikasten dutenak gehiago direla ama hizkuntza dutenak edo etxean ikasi dutenak baino. Horren ondorioz, haur eta gazte horiek eskolaz kanpo euskara naturaltasunez erabiltzeko espazio gehiago behar dituzte, euskarak ezin du izan eskolako hizkuntza soilik. Horrekin batera, kanpotik lanera etorritakoak eta beraien seme-alabak euskarara erakarri behar ditugu. Euskararen gaitasunean eta erabileran jauzi bat eman behar dugu.
Ahuldadeak ditugu, noski, eta aurrerapausoak nahi baino txikiagoak dira. Geldiune batean gaude, eta euskararen aurkako azken epaiek etorkizuna belztu egin dute. Erronka handiak ditugu eta horiei erantzuten asmatu behar dugu. Hala ere, argiuneak ere badaude, noski; euskarak atxikimendu sozial handia izaten jarraitzen du eta gizartea euskara hauspotzearen aldekoa da.
Zer egitasmo edo kanpaina garatzen ari da udala eta Euskara Zerbitzua euskararen inguruan hirian? Zeintzuk nabarmenduko zenituzke bereziki aurten? Emaitzak izaten ari dira?
Esparru eta lan ildo asko ditugu zabalik euskara berreskuratu eta zabaltzeko asmoarekin. Hala ere, bi lan ildo nabarmendu nahiko nituzke: Batetik, haur eta gazteen euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko lan aipagarria egiten ari gara hainbat eragilerekin elkarlanean: ikastetxeak, aisialdi taldeak, kirol elkarteak, eta abar. Eskolaz kanpoko ekimen asko ditugu ikasturtean zehar —Parketarrak, Haurrak Beti Jolaseak, KEES, eta abar—, baina udan ere eskaintza handitu dugu, batik bat, euskara gaitasun urria duten haur eta gazteentzat: Aisikasi, Haurrak Udan Mintza Jolasean, eta abar. Udalekuetan, ia mila haur eta gaztek parte hartu dute eta emaitzak onak dira.
Bestetik, Euskaraz barra-barra ekimena nabarmendu nahiko nuke. Euskal Herri osoan martxan jarriko da marka berri hau arreta euskaraz eskaini dezaketen establezimenduak identifikatzeko. Euskal hiztunen estres linguistikoa gutxitzea eta euskaraz egiteko eskubidea bermatzea da asmoa. Donostiak proiektu pilotuan parte hartu zuen hasieratik, eta dagoeneko hiriko 1.100 establezimenduk dute marka ezarrita; zerbitzua euskaraz emateko konpromisoa hartu dute alegia. Establezimenduak bisitatzen ari gara, eta urte bukaeran E// ikurra dutenak gehiago izatea espero dugu.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Donostian ?
Erabilerari dagokionez, kale erabilera datuek adierazten dute azken hamar urteotan ez dugula aurrera egin: %15ean gaude. Gazteen erabilerak aldiz, beheranzko joera hartu du eta kezkatzekoa da.
Beste esparru batzuetan, aldiz, datu hobeak ditugu: KEES metodologia ezarri dugun 22 kirol elkarteetako datuek adierazten dute haur eta gazteen arteko erabilera entrenamenduetan kalean baino askoz handiagoa dela: %40,67k euskaraz beti edo askotan egiten du, eta %37k batzuetan.
Eta auzoetan zein da euskararen egoera?
Hemen ere alde handiak daude batetik bestera. Kale erabilera datuak desberdinak dira oso: Altzan %4,5ekoa da, eta Igeldon %75ekoa. Zentzu honetan, oso argi daukagu egoera soziolinguistikoaren arabera, egoera horietara egokitutako hizkuntza politikak bideratu behar direla batean eta bestean, ezagutza eta erabilera altua duten auzo euskaldun edo arnasgune horiek babestuz eta ezagutza eta erabilera urriagoa duten auzo horietan sustapen eta laguntza neurriak indartuz.
Egun indarrean dagoen euskararen plan orokorra datorren urtean iraungiko da (2020-2024). Zer helburu ezarri ziren plan hartan? Zeintzuk bete dira eta zeintzuk daude betetzeke?
Euskararen gaitasun erlatiboa hobetzeari begira, haur eta gazteentzako ikastaro eta errefortzu eskaintza indartzen joan gara. Gaitasun egoki hori lortzea euskararen erabileran gakoa delako, besteak beste.
Kultur aniztasunarekin lotuta, etorri berrien haurren eskolatze prozesuak laguntzeko programa ugari jarri ditugu martxan, bai urtean zehar eta bai udan —Aisikasi, Haurrak Udan Mintza Jolasean, eta abar—, eta emaitzak onak dira
Bestalde, merkataritzan eta ostalaritzan e// abian jarri dugu, modu pilotuan, gainera, Donostian.
Laburbilduz, ezarri ziren helburuak osotasunean bete ez badira ere, urratsak egin dira guztietan. Bai hiztun berriak sortzen, bai gizarte erabilera sustatzen eta baita euskarazko sorkuntzari dagokionean ere; adibide garbia da, esate baterako, euskarazko antzerkiak Donostian hartu duen erreferentzialtasuna.
Hurrengo plan orokorra planteatzen hasiak zarete? Zer helburu ezarriko dituzue?
Askotariko helburuak ezarriko ditugu. Alde batetik, urrats sendoak egitea 0-16 urte bitartekoentzako aisialdi antolatu guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin.
Bestetik, udalaren lan hizkuntza euskara izan dadin hartutako bidearekin jarraitzea, udala bera arnasgune bilakatu ahal izateko eta euskararen erabileran donostiarren erreferente izateko. Eta, aldi berean, lan mundua euskalduntzeko traktore lana egin dezan.
Lan munduari begira, nagusiki, ostalaritza eta merkataritza alorretan e// egitasmoarekin jarraitzea, bezeroak euskaraz artatuak izan daitezen
Euskaldunen, batez ere gazteen, gaitasun erlatiboa hobetzea eta ulermen unibertsalerantz urratsak egiten jarraitzea.
Zer proposatuko zenieke donostiarrei Euskararen Egun on bat pasatzeko?
Atera daitezela kalera bakoitzak bere auzoan izango dituen egitasmo zabalez disfutatzera. Era berean, hurbil daitezela Bulebarrean jarriko dugun karpara, denei proposatzen dizkiegun urratsak zein diren ezagutzera. Eta gero, bakoitzak bere etxean egin dezala saiotxo bat bere ahotsa euskararen alde grabatzeko