Auzoz auzoko dinamika aurkeztu du EH Bilduk
EH Bilduko zinegotziak Martutenen izan dira gaur, euren dinamika berria aurkezteko. Juan Karlos Izagirre bozeramaileak honela azaldu du: “EH Bilduk lan egiten du hanka bat erakundean duela, baina beste kalean, plazan. Horrela ulertzen dugulako politika: herritarrekin eta eragileekin batera, gertutasunetik eta gardentasunez”.
Horretarako, auzoz auzo bilduko dira herritarrekin eta eragileekin, auzoetako arazoak udalera eramateko, eta udaleko erronkak auzoetara jaisteko. “Dinamikak modu ordenatuan egingo du, bi norabideetan sortuko den informazioa eta komunikazioa eraginkorra izan dadin. Metodologia zehatza diseinatu dugu horretarako: auzoz auzoz, plazaz plaza egingo dugu lan, lekuak beratik bertara bisitatuz”, azaldu dutenez.
Auzo bakoitzak, erreferentziazko zinegotzi bat
Plazatik dinamikari dagokionez, bi ezaugarri nagusi dituela azaldu dute. Batetik, Donostiako auzo guztiak bisitatuko dituztela jakinarazi dute, eta, bertan, tokiko eragile, talde, elkarte zein sektore ekonomikoarekin bilduko dira: “Muina unean uneko errealitatea ezagutzea da, kezkak entzun eta proposamenak jasotzea. Egun osoko bisitak izango dira”.
Bestetik, Plazatik egitasmoak badu beste ezaugarri bat, antolamenduari dagokionez. EH Bilduko udal taldeko arduradun bat izango du, erreferentziazko eta konfiantzazko pertsona izango dena. Herritarrak zinegotziekin kontaktuan modu zuzenean jarri ahal izango dira eta honek behin kezkak, proposamenak edo arazoak ezagututa, jaso egingo ditu eta dagokion departamentuari igorriko dizkio.
Hurrenez hurren, hauek dira zinegotziak eta bakoitzak entzungo dituen auzoak: Garbiñe Alkizak, Bidebieta, Altza eta Intxaurrondo; Markel Ormazabalek, Parte Zaharra, Erdialdea, Antigua, Ibaeta, Zubieta eta Igeldo; Jabi Vitoriak, Amara eta Morlans; Olaia Duartek, Amara Berri eta Erriberak; Itziar Iturrik, Aiete eta Añorga; Ricardo Burutaranek, Loiola, Martutene eta Txomin eta Izar Hernandok, Gros, Ulia eta Egia.
Martutene, lehen bisita
Lehen bisita honetan, hainbat gune bisitatu dituzte: 27. poligonoko erabiltzaileak eta hainbat enpresa, kirol elkartea, hala nola Martuteneko hainbat leku, geltokia eta Okendotegi, kasu. Egunaren bigarren atalean Auzo Elkartearekin eta bere baitan diharduten eragileekin egongo direla jakinarazi dute.
“Entzute-ariketa izan da, lehen urratsa. Aurrerantzean denbora izango dugu, modu antolatuan, entzundakoarekin elkarrekin lan egiteko. Herritarrekin lan egin nahi denean, entzutea delako abiapuntua”, esan du Izagirrek.