«Badago joera gaztelaniara errebeldiagatik jotzeko»
Olatz Salvador musikaria elkarrizketatu dugu, Euskararen Egunaren harira.
Nola bizi duzu Euskararen Eguna?
Ez dut ezer berezirik egiten nire bizitzan. Azken urteotan egin izan diren egitasmoetan parte hartu dut, bai Euskaraldian eta baita Euskararen Egunaren harira egin diren kontzertuetan ere.
Ez dakit alderatu daitekeen, baina Martxoaren 8ak ematen duen sentsazio bera ematen du, nolabait. Badago aldarrikatzeko egun bat, baina egunero da Euskararen Eguna; egunero da abenduak 3, martxoak 8 egunero den bezalaxe. Egun batekin ez da nahikoa.
Zer presentzia edo garrantzi dauka euskarak zure bizitzan?
Handia, esango nuke. Euskara da nire ama hizkuntza eta erosoen moldatzen naizen hizkuntza, nahiz eta egia den, azkenean, gizartearen joera eta abarren arabera gaztelanian asko ikusten dudan nire burua, baita ere. Batzuetan pena ematen dit, baina ikusten dut gizartean orokortzen ari den zerbait dela. Baditut kontraesanak musikan ematen ari diren joera hauekin, gaztelaniara asko jotzen ari garela iruditzen zait. Baina defendatzen dut, baita ere, norberak nahi duena egiteko askatasuna.
Euskaraz sortzeko intentzioarekin jarraitzen dut, baina horrek ez du esan nahi ez dudala inoiz ezer egingo gaztelaniaz. Nik ere baditut oharrak, proiektuak edota zirriborroak gaztelaniaz, baina oraingoz nire hautua bada euskaraz sortzen jarraitzea.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Donostian?
Azken boladan, dagoeneko, ez da gaztelania entzuten dela: ingelesa eta frantsesa entzuten da, eta ez kultur anitzak garelako, baizik eta turismoari alfonbra gorria jarri zaiolako Donostian. Ez da lehentasuna inorentzako euskararen aldeko politikak egitea, edo nik, behintzat, ez ditut nabaritu. Orain Errenterian bizi naiz motibo hauengatik, eta oso gauza desberdinak nabaritzen ditut hemen. Horrek esaten dit badaudela egin daitezkeen gauza gehiago, bai euskararen alde eta baita beste kontu askoren alde ere, ez direnak egiten.
Nola ikusten duzu euskararen egoera musikan?
Ikusten dut badaudela talde batzuk, agian, periferia batzuetatik euskaraz sortu dutenak, eta horiek errespetu osoa merezi dutela eta baloratu behar ditugula uste dut. Ez delako gauza bera euskaraz sortzea Donostian edo Tolosan, Baionan edo Arabako Errioxan.
Bestalde, pixka bat kezkatzen nau ‘naturaltasunaren’ izenean gaztelaniara hainbeste jotzeko olatu berri honek. Badirudi dena euskaraz egitea batzuentzako artifiziala dela, eta, orduan, gaztelaniara jotzen dute. Kakotx artean diot naturalarena, zeren, niretzako, ez dauka zerikusirik naturaltasunarekin: niretzako jasotzen dugunaren eragin zuzen bat da, eta guztiz ikasia dela esango nuke. Badago, baita ere, generoarekin lotuta dagoen faktore bat. Ikusi dut joera gaztelaniara errebeldiagataik edo gaizotasunagatik jotzeko, estetika guaian ez duelako bere lekua topatu, eta horrek ere pena handia ematen dit.
Abesti bat: Xirarena, Ibil Bedi.
Liburu bat: Turista klasea, Kattalin Miner.
Hitz bat: Harribitxi.
Film edo telesail bat: Irati, Paul Urkijo.
Musika bakarlari edo talde bat: Eire.