«Ez naiz idazlea, euskal idazlea naiz. Kontu desberdinak dira»
Fito Rodriguez idazlea elkarrizketatu dugu, Euskararen Egunaren harira.
Nola bizi duzu Euskararen Eguna?
Nafar eguna ere bada. Lotuta dago, nolabait, independentziarekin. Euskara da Nafarroa independente baten oihartzuna. Nik beti esaten dut ez naizela idazlea, euskal idazlea naiz. Kontu desberdinak dira. Idazterako garaian hautatu beharreko zerbait da hizkuntza, eta euskararen eguna da gogoraraztea adierazpen artistiko edo afektiboak egiteko ere hautatu behar izaten dela.
Zer presentzia edo garrantzi dauka euskarak zure bizitzan?
Nik gaztelaniaz edo frantsesez idatzi dezaket, eta gero itzulpenak egin, baina niretzat euskara da beti erreferentea. Nire ekarpen literarioa arlo horretan dagoela sentitzen dut: hautatu egiten dut euskara, nire ekarpena egiteko.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Donostian?
Entzun, entzuten da. Orain beste mota bateko gizartea dago, baina Parte Zaharrean, adibidez, ez dago giro euskaldun hori. Seguru nago jende askok lehen bezain beste edo gehiago egiten duela euskaraz, eta batik bat, ezagutu egiten duela. Arazoa da zer nolako mailatan erabiltzen den. Jendeak azaleko erabilera bat eduki dezake, baina gero pentsatzeko hizkuntza ez da euskara izaten, eta hori adierazgarritasunean nabaritzen da. Lortu ditugu eta funtsezkoak dira arlo batzuk, baina pentsatzeko eta euskaraz bizi ahal izateko lehen baino arazo gehiago dago.
Nola ikusten duzu euskararen egoera idazkuntzan?
Euskaraz sortzen duen gero eta idazle gehiago dago. Esango nuke aurrerapen eta sektore oso desberdinak sartzen ari direla euskararen munduan, baina euskaraz idazteak ez dakar berarekin inolako arrakasta komertzialik. Euskaraz idazten duenak ez du idazten komertziala izateko, berak nahi duen kalitatea bilatzeko baizik. Ekarpenak gero eta emankorragoak eta esanguratsuagoak dira.
Irakurleetan, ordea, badago arrakala bat. Literatura zabaldu egin da orain arte zabaldu ez den esparrutara, eta gero eta kalitate gehiago antzeman daiteke arlo guztietan. Kongresu bat beharko genuke irakurzaletasunari buruz. Ikerketekin ez da nahikoa. Arrakala horretan sakondu beharko genuke.
Abesti bat: Zibilak esan naute, Iparragirre.
Liburu bat: Euzkadi merezi zuten, Koldo Izagirre.
Hitz bat: Abaroa.
Film edo telesail bat: Itxaso, Antonio Diaz Huerta.
Musika bakarlari edo talde bat: Haizea.