«Gauero amesten dut Kuban bizi naizela, ez dut nire herrialdea utzi»
18 urterekin bere jaioterritik Donostiara etorri zen Maialen R. Barcena (Habana, Kuba, 1989). Bere "identitatea sortzen" ari zen momentuan erabaki zuen familiako erroak zeuden tokira bizitzera etortzea, eta berehala hasi zen euskara ikasten Amara Berriko AEKn. Bertako irakaslea da gaur egun, eta auzo horretan bizi da, Kubatik Donostiara dagoen aldaketaz oso kontziente dela.

Hamabost urte daramatzazu Donostian bizitzen, baina Kubatik etorri zinen. Nolatan?
Nire gurasoak eta familia hemengoak dira, eta hori izan zen hona etortzeko arrazoi nagusia. Kuban jaio nintzen, hemezortzi urte pasatu nituen bertan, eta egia esan, unibertsitate ikasketak hasiak nituen Kuban. Ikasketa horiekin, Habanan errotzen ari nintzen nolabait, eta orduan amak Euskal Herrira etortzea proposatu zidan, baita hemen balioko zidan zerbait egiteko proposatu ere, ate guztiak zabalik uzteko. Beraz, sustraiak dauden tokira itzultzeagatik hartu nuen erabakia.
Zure gurasoek denbora asko pasatu zuten Habanan?
Bai, 30-35 urte artean. Biak ala biak errenteriarrak dira, baina Kuban 30 bat urte igaro zituzten. Ezkonduta zeuden eta batera atera ziren hemendik, baina bide desberdinetatik iritsi ziren Kubara; ama lehenengo eta aita ondoren.
Nolako aldaketa izan zen zuretzat Kubatik hona etortzea?
Aldaketa handia izan zen. Egia esan, nik ez nioke gomendatuko 18 urteko inori bere sorlekutik mugitzea, eta are gutxiago horrelako kontraste kultural handi baten aurrean. Pentsa Habanatik Amara Berrira nolako aldaketa dagoen. Orain ohitu naiz, baina hasieran txoke handia izan zen: autobusetan sartzen nintzen eta jendea agurtzen nuen. Gogoratzen dut Bilboko metroan sartu nintzen lehenengo aldian nola agurtu nuen jendea, eta mundu guztia begira geratu zitzaidala. Nire herrialdean hori egiten dugu, eta amaren lagun batek esan zidan hemen jendeak ez duela agurtzen ez badu beste pertsona ezagutzen. Pentsatuko zuten dirua eskatzen ari nintzela, edo auskalo.
Txoke kulturala aipatu duzu. Zerk gehiago harritu zintuen hona etorri zinenean?
Eguraldiak. Oraindik ere izugarri eragiten dit. Konturatzen naiz urte pila bat pasatu direla, eta hala eta guztiz ere oso ziklikoa dela nire sentsazioa. Urtaroek lotura handia dute horretan, izan ere, Kuban amaigabeko uda bat zen. Asko jota, jertse fin bat janzten genuen urtean bi aldiz, eta hemen neguan arroparen pisua pila bat nabaritzen nuen. Orain ohituago nago, baina kontrastea handia da.
Ohiturak ere zeharo aldatzen dira handik hona. Orain, adibidez, pandemiaren eraginez jendeak ohiturak aldatu ditu, eta etxeak harremantzeko espazioak bihurtu dira. Hori pandemiaren ostean gertatu da, eta pentsa zenbat denbora behar izan den horretarako; gure ohitura zen kuadrillak etxeetan elkartzea, eta hemen denak kalean elkartzen dira.
Zein zen zure egunerokotasuna Kuban?
Beti nengoen lagunekin harremanetan. Ez dakit nola esan, baina kulturalki oso desberdinak gara; bata bestearen oso gainean gaude han. Egunero egoten ginen elkarrekin, egunero hitz egiten genuen telefonoz pila bat, eta asteburuetan planak egiten genituen askotan. Lagunen etxeetan egoten ginen, ez genuelako dirurik diskoteketan-eta ibiltzeko. Kubako gizarte normalaren parte ginen; ez ginen oso pobreak, baina ezta ongi bizi zirenak ere. Beraz, gure etxeetan egoten ginen. Genituen sosekin freskagarri batzuk edo gaileta batzuk erosten genituen ahal zenean, eta ezin zenean hori ere ez; eta ez zen ezer gertatzen, ez genuelako behar. Bestela, askotan, Habanako malekoira joaten ginen. Agian norbaitek gitarra bat eramaten zuen, eta han egoten ginen kantatzen edo hitz egiten. Asko maite genuen hori, malekoian fresko egiten zuelako, eta itsasoko haizearekin zoragarri egoten zelako bertan.
Nola zegoen Kubako gizartea orduan?
Orain baino hobeto. Ez zegoen ondo, 1990ean Kuba aldi berezi batean sartu zelako, horrela deitzen zaio. Egia esan, oinarrizko produktu batzuk eskubide gisa genituen, baina jendea ez zen ongi bizi. Orain bezain gaizki ere ez, pandemia oso gogorra izan baita; baina lehen ere ez ziren bereziki ongi bizi. Baina guk genituen baldintzekin ere konforme bizi ginen. Ez genuen gehiago behar, ez baikenuen gehiago ezagutzen. Beraz, ez duzu faltan botatzen ezagutzen ez duzuna, eta oso zoriontsuak ginen genuenarekin. Nik ez dut ezagutu gaur egun Kubako gazteriak duen anbizio hori, zorionez.
Zentzu horretan, esango zenuke hemen jendea berekoiagoa dela?
Bai, gizartea kontsumistagoa delako eta beti dagoelako kontsumitzeko beharra. Lanetik irten eta zerbait hartzera joaten dira hemen, eta tabernetan errotu izan da harremantzeko modua Euskal Herrian betidanik. Urteak eta urteak daramatzate horrela funtzionatzen eta orain ez zara zu Karibetik etorriko hori aldatzera [barrez]. Niretzako bitxia zen, ez nuelako denbora guztian edateko behar hori. Nik ez nuen alkoholik edaten; asko jota, urtean bitan-edo, norbaitek ron botila bat eskuratzen zuenean. Eta pentsa, lagun talde batean partekatzen baduzu, oso gutxi tokatzen zitzaion bakoitzari. Baina ez genuen alkohola edateko ohiturarik, ezta denbora guztian kontsumitzeko ohiturarik ere. Hamar eurorekin hilabete guztia igarotzen genuen, eta dirua lagunekin partekatuta, gainera. Ez genuen gehiago behar, eta ez genuen ezer faltan botatzen.
Hona etortzeak zein onura eta zein zailtasun izan zituen zuretzat?
Gogorra izan zen, batez ere, 18 urterekin etorri nintzelako. Adin horrekin zure identitatea sortzen ari zara, eta horrek mozketa handi bat suposatu zuen nire bizitzan. Hango lagunak han utzi nituen, eta hemen kuadrillak osatuta daude nolabait. Hemen kuadrilletan funtzionatzen du jendeak, eta adin horrekin, beharbada, ez dira nik espero bezain irekiak kanpoko pertsona bat ezagutzeko. Hori dela eta, zaila zen hemengo kulturan sozializatzea, zure adineko inor eta hizkuntza ezagutu gabe.
Onurei dagokienez, euskara ikasten hasten zarenean eta euskaldunek zure jarrera ikusten dutenean, zenbat pasio eta ilusio jartzen duzun horretan, berehala egoten dira laguntzeko prest denak. Eta hori pila bat eskertzen da, beso zabalik hartzen zaituztelako.
Momentu konplikatu horretan nor edo zer izan zen zure sostengu nagusia?
Kubatik bakarrik etorri nintzen, eta, gainera, oso gutxi ezagutzen nuen nire familia etorri nintzenean. Aitona-amonak urtean behin edo gutxiago joaten ziren gu bisitatzera, bidaiak oso garestiak zirelako. Eta izeba eta osaba soilik hiru aldiz nituen ikusita, eta kolpean beraiekin bizitzera etorri nintzen. Beraz, ezezagunekin bizitzen hasi nintzen, eta gogorra izan zen. Hala ere, berehala bihurtu ziren nire babesgune garrantzitsuenak.
Bestalde, euskaltegia ere garrantzitsua izan zen. Amara Berriko AEKn hasi nintzen ikasten, eta hemen familia bat aurkitu nuen.
Zerk bultzatu zintuen euskaltegian izena ematera?
Euskara jakin baino lehen maite nuen hizkuntza. Nire gurasoek ezin izan zidaten hizkuntza transmititu haiek ez zirelako euskaldunak, baina transmititu zizkidaten euskararekiko maitasuna eta grina. Hori banuen nire alde, beraz, etorri eta automatikoki eman nuen izena euskaltegian. Ez nuen zalantzarik egin, prozesuaren parte zen Euskal Herrira etorri eta euskara ikasten hastea. Egia esan, prozesua goxoa izan zen, eta ez naiz ibili liburutegian ordu pila bat sartzen. Hasieratik saiatu naiz modu naturalean erabiltzen eta nire bizitzan txertatzen.
Gutxi gorabehera, hiru urte eta erdi eman nituen euskaltegian, eta tartean, bi barnetegitan izan nintzen. Bi udatan hamabost egun igaro nituen barnetegian.
Euskara ikasteaz gain, beste zerbait ikasten ari zinen hemen?
Kuban psikologia klinikoa ikasten hasi nintzen. Hona etorri nintzenean, konturatu nintzen hemen ez zela existitzen. Psikologia orokorra bazegoen, baina ez klinikoa; nik han ospitale batean ikasten nuen, espezifikoa zelako. Gainera, selektibitatea eginda neukan Kuban, eta hemen onartzen zidaten selektibitatea eginda nuela, baina bi ikasgai falta nituen; Espainiako geografia eta Espainiako historia. Horiek ikasi behar nituen, eta Madrilen azterketak egin. Pentsatu nuen ez nuela horretarako gogorik. Gainera, nik Espainiako historia banekien, baina ez haiek nahi zutena, jakina. Orduan, ez nintzen joan, eta Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa egiten hasi nintzen. Nota horren bidez, zuzenean unibertsitatean sartu nintzen eta Irakasle ikasketak egin nituen. Goi mailakoa gaztelaniaz egin nuen euskaraz ez nekielako, baina Irakasle ikasketak euskaraz egin nuen.
Gaur egun, AEK-ko irakaslea zara. Zergatik hautatu zenuen ogibide hau?
Egia esan, Kubatik etorri nintzenean psikologoaren irudia erabat apurtu zitzaidanez, pentsatu nuen ate hori itxi zitzaidala, eta beharbada, beste batzuk irekiko zirela. Oso modu naturalean hasi nintzen Irakasle ikasketak egiten; ez dakit nola, baina gorputzak eskatu egiten zidan hori egitea, beharbada, nire amona ere irakaslea izan zelako. Gerra garaian hemengo haurrak Errusiara bidali zituztenean, nire amona beraien geografia irakaslea izan zen erbestean. Horrez gain, nire ama frantseseko irakaslea izan zen Habanako unibertsitatean, eta agian horregatik barneratuta nuen familian irakaskuntzarako balio genuela.
Gero, konturatu nintzen ez nuela hainbeste maite irakaskuntza orokorra, LHkoa edo DBHkoa. Hasieratik, oso argi nuen euskarako minorra egin nahi nuela. Gogoan dut euskaltegiko nire irakasle ohi batekin autobusean elkartu nintzela, eta galdetu zidala ea noiz joango nintzen beraiekin lanera. Zur eta lur geratu nintzen, eta autobusean bertan galdetu nion zer behar zen beraiekin lan egiteko. Erantzun zidan unibertsitateko karrera bat, EGA eta glotodidaktika ikastaroa behar zirela, eta nik ez neukan horietako bat bera ere. Irakasleak esan zidan aterako nituela, eta nik hori sinistu nuen. Autobusetik jaitsi nintzenean erabaki nuen hori zela nire prozesua. Hirurak atera, eta berehala hasi nintzen hemen lanean. Gaur egun, lankide ditut nire irakasle ohiak.
Familiatik ere badatorkizu irakasle sena, beraz.
Bai. Gerra garaian, 4, 5 eta 6 urte inguruko haurrak bidali zituzten Errusiara, eta 30 eta koska urterekin itzuli ziren. Nire aitona-amonek bertan ezagutu zuten elkar. Nire aitona euskalduna da, baina amona asturiarra. Eta amona oso iraultzailea izan zen zentzu horretan, garai hartan unibertsitateko irakasle izan zelako. Bere ama ere Errusiara bidali zituzten haurren irakasleetako bat izan zen. Beraz, nire birramona ere irakaslea zen, eta gaztelania irakasten zuen.
Euskaltegira itzuliz, zer da irakasle izateaz gehien gustatzen zaizuna?
Hastapeneko ikasleak. Zoragarri pasatzen dut beraiekin, eta pila bat disfrutatzen dut. Nolabait, nik prozesu zoragarri bat bizi izan nuenez, berriz bizitzeko aukera izaten dut urtero-urtero. Haiek sartzen direnean, zerotik ikasi behar dute, eta batez ere etorkinak direnean, asko maite dut izaten duten urduritasun sentsazio hori. Izugarria da nola hasten diren lehen egunetik euskarazko hitzak txertatzen eta lehenengo mezuak komunikatzen. Niretzat zirraragarria da.
Gaur egun euskararen egoera nolakoa dela uste duzu?
Oso irakurketa desberdinak egin daitezke. Badaude euskaldun ezkorrak esaten dutenak jendeak oso gutxi hitz egiten duela euskaraz, baina badaude oso baikorrak direnak ere. Nik baikortasunez jokatu nahi dut, eta esango nuke —konprobatuta daukat— behintzat Amara Berrira bizitzera etorri nintzenean duela hamabost urte, nik ia ez nuela euskararik entzuten kalean. Ez dakit orain belaunaldi aldaketa bat egon den, baina paisaia aldatu egin da, eta gaur egun, Amara Berriko kaleetan euskara entzuten da. Ez pila bat, baina duela hamabost urteko egoerarekin alderatuta, asko entzuten da eta euskaraz bizitzeko aukera dut.
Itzuli zara Kubara?
Nahi baino gutxiagotan, bidaiak oso garestiak direlako. Eta ez soilik arrazoi horregatik, badakizu bizitza zein injustua den; dirua duzunean ez duzu oporrik, eta oporrak dituzunean ez duzu dirurik. Eta bestalde, eta hori da arrazoi nagusia, Kuba migratzaileen herrialdea da. Nire lagun ia guztiak Kubatik kanpo bizi dira, eta niretzat oso gogorra da Kubara bueltatzea. Itzultzen naizen bakoitzean gero eta jende gutxiago daukat han. Gainera, gero eta paisaia desberdinagoa aurkitzen dut. Gu, habanarrok, Habanatik joan gara, eta Kubako beste probintzia batzuetakoak Habanan sartu dira. Ni ez naiz migratzaile ekonomiko bat izan, familia arrazoiak tarteko etorri nintzelako; baina Kubako migratzaile ia denak migratzaile ekonomikoak izaten dira. Denok nahi dugu ekonomikoki gure bizimodua hobetu, beraz, Habanatik irteten direnak mundura ateratzen dira sosen bila, eta probintzietakoak Habanan sartzen dira. Horren ondorioz, dagoeneko ez dut ezagutzen nire Habana. Gure dialektoa ere galtzen ari da, eta sentitzen dugu Habana dagoeneko ez dela gurea, joan egin garelako.
Gaur egun, bidaiatzeko modako lekua da Kuba. Zure garaian ere horrela zen?
Nire garaian gehiago. Orain, pandemiarekin, turismoa asko jaitsi da, eta prezioak asko garestitu dira. Orokorrean, baldintzak ez dira onak turistentzat ere, izan ere, batzuetan ez dago gasolinarik eta hori gabe ezin da autobusa mugitu, adibidez. Nahiz eta aberatsa izan, ez dago gasolinarik. Eta gauza horiek orain ari dira gertatzen, ez gure garaian. Gure garaian, turismo tasa handiena bizi izan dugu, eta oso leku exotikoa izan da munduarentzat. Mota guztietako turistak ezagutu behar izan ditugu; oso iraultzaileak izan direnak eta iraultza ezagutzera joan direnak, eta beste batzuk, aldiz, ez direnak hain jatorrak eta goxoak izan.
Esperientzia gogorrik gogoratzen duzu horrekin lotuta?
Bai. Azkenean, genetikoki ez nuen kubatarra ematen, ez dudalako kubatar itxurarik. Orduan, bertakoek pentsatu izan dute kanpotarra naizela. Nire lagunekin eta betiko uniformearekin banindoan ez, baina handik pixka bat mugitzen banintzen eta nire gurasoekin baldin banindoan, tabakoa, taxia eta denetarik eskaintzen ziguten. Pentsatzen genuen: «Txo, hemen bizi naiz, utzidazu bakean». Kubatarrez hasten banintzen, bakean uzten ninduten, berehala ohartzen zirelako bertakoa nintzela. Baina hasieran, itxura fisikoagatik bazen ere, gogorra zen. Bestalde, kontrakoa ere gertatu izan zait. Nire lagunekin alde zaharrera joan, izozki bat jatera adibidez, eta turistak gerturatu eta pentsatzea neska guztiak desiratzen geundela beraien sosak izateko. Eta edozer egiteko prest geundela haiek gu izozki batera gonbidatzeagatik.
Jende matxista askorekin egin duzu topo han?
Bai. Bai bertakoak eta baita bertara joaten zirenak ere. Hara joaten ziren turistak, ez baziren esparru ezkertiar iraultzailekoak, oso matxistak eta oso kontsumitzaileak ziren. Eta pertsonak kontsumitzera ere joaten ziren, inongo errespeturik gabe. Nahiz eta gu ohituta egon, zoritxarrez, oso bortitza egiten zitzaigun horrelako nazkagarriak gainetik kendu behar izatea, modu txarrean. Hori hemen ez dut sekula bizi, eta etorri bezain pronto gurasoei komentatu nien hemen ez zidatela ezer esaten kalean. Ez zidala inork deitzen, eta inork ez zidala musurik botatzen. Hori Kuban zure egunerokotasuna da, eta hona etorri eta ikusezina nintzela zirudien, ez nintzela existitzen.
Lortu al duzu hemengo bizitzara egokitzea?
Egia esan, oso kameleonikoa naiz. Euskaldunekin banago, euskaldunen estilora jokatzen dut. Aldiz, Kubako lagunekin baldin banoa, betiko moduan jarraitzen dut: etxeetan egiten ditugu planak, disfrutatu egiten dugu eta gure estilora jokatzen dugu, besteen estiloa hartu gabe. Baina ez dut espero besteak nigatik aldatzea, hau da, ni beti egokitzen naiz.
Inoiz pentsatu duzu Kubara bizitzera itzultzea?
Gustatuko litzaidake. Gauero-gauero amesten dut Kuban bizi naizela, nik Kuba ez dut utzi inoiz. Egunez Euskal Herrian dut errealitatea eta presentzia, baina gauez Kuban nago, eta hori beti esaten dut. Beti nahi izan dut itzuli. Nork ez du nahi itzuli bere herrialdera, ez bazara atera ez zeundelako gustura bertan? Kontua da, lehen aipatu bezala, Kubara bueltatzen banaiz ez dudala aurkituko bertan utzi nuen egoera eta jendea. Beraz, nire herrialdean zerotik hastea suposatuko luke, eta ez nago prest berriro ere zerotik hasteko.