Itsas Museoak jarduera bereziak antolatu ditu eguberriei begira
Abenduarekin batera, Euskal Itsas Museoak helduentzat eta familientzat zuzendutako bisitak eta jarduerak antolatu ditu, online denda argitaratzeaz gain. Gabonetan ere itsas museoak bere altxorrak erakustea du helburu eta horretarako iragana eta oraina batuko ditu adin tarte guztientzako antolatutako jardueretan.
Familiek Zurezko Serigrafia tailerra izango dute abenduaren 28an, 12:00etan. Tailer horretan, argazkiak egurretan jartzeko teknikaren nondik norakoak azalduko dira, metodo horren bitartez museoaren bildumako argazkiak birziklatutako egurretan inprimatuko baitira. Jarduera 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat bideratua dago, bi orduko iraupena izango du. Era berean, itsas museoak La Jarana pista jolasa erabilgarri jarriko du gabonetan. Kaiko sekretu ezkutuenak ezagutzeko aukera ematen duen jolasa museoko ordutegian eskuragarria da eta “nahieran” edo libreki egiteko jarduera izango da. Pista jolasaren prezioa hiru eurokoa da familia bakoitzeko.
Jolasak ez ezik, historia izango du erdigunean Museoan ikusgai dagoen ‘Moilak’ erakusketaren bitartez. Antzina portuak moila gisa ziren ezagunak, eta itsas museoak hitz hori berreskuratu nahi izan du azken bi mendeetan euskal portuek izan duten garapen eta aldaketen berri emateko: Euskal Herrian egindako berrikuntzak eta nazioartean izan zuten oihartzuna ekarriko ditu hizpidera, besteak beste. Erakusketa modu librean eta eta eskaripeko bisita gidatuen bitartez ezagutu ahalko da, eta haurrentzako eskuorriak banatuko dira, modu didaktikoan bisitatzeko aukera izan dezaten.
Eguberrien atarian, halaber, museoak dendako online produktuen katalogoa kaleratu du. Euskal Itsas Museoaren denda Museoaren beheko solairuan dago, eta itsas gaiei buruzko komiki, liburu eta katalogo ugari ditu, baita bertako diseinatzaile eta editoreen artisau lanak ere. Gaurtik aurrera, erabiltzaileek webgunean kontsultatu ahal izango dituzte artikulu horiek.