«Komunitate zabal batekin amesten dugu»
Bagera Euskaltzaleen Elkartea datozen bost urteetarako plan estrategikoa ontzen aritu da, mugimenduaren gaineko irakurketa eta aurrera begira elkarteak bere buruari jarri dizkion erronkak oinarri. Haren xehetasunak azaldu dituzte Maddi Juanikorena Diazek eta Amaiur Berra Alfonsok.
Begirada altxa eta ingurua aztertzeko beharra aipatu duzue plan estrategikoan. Zergatik orain?
Maddi Juanikorena Diaz (M.J.D.): Ikusten genuen Bagerak hainbat ziklo eduki dituela: 32 urte dituen elkarte bat da, eta prozesu asko egin dira, hausnarketak ere eman dira, baina urteak generamatzan begirada altxa gabe, ingurura begiratu gabe, geure buruari begiratu gabe, eta uste genuen momentua zela geldialdi bat egiteko eta hausnarketa estrategikoago batzuk emateko. Ulertzeko zer daukagun inguruan, zertan eragin behar dugun, zeintzuk diren gure funtzioak, nor garen, eta abar.
Eta egoeraren zer diagnosi egin duzue?
M.J.D.: Diagnostikoa plurala da. Batetik, elkartearen dinamikari dagozkion hausnarketak daude: urteak generamatzan egitasmo asko martxan jartzen, baina asko inertziaz izaten ziren. Orduan, barrura begira hausnartzen genuena zen egiten ditugun egitasmo horiek zertarako egiten ditugun, zer ari garen lortzen gure dinamikekin eta egitasmoekin. Bestetik, errealitatea bera ere aldatu da: Donostian euskararen egoera aldatu da, hiria eta mundua aldatu diren bezala, eta guk horri erantzun bat eman behar diogu, eta horri begira lan egin.
Aztertu duzuen gaietako bat izan da zer nolako presentzia duen elkarteak hiriko euskal komunitatean.
M.J.D.: Ez dakit diagnostiko batean oinarritutako zerbait den edo egitate bat den. Azkenean, Donostiako euskalgintzan Bagerak pisu handia izan du, eta gaur-gaurkoz badauka: irabazitako erreferentzialtasun bat badu. Baina zalantza dugu ea hori hiri mailan hala den: gauza bat da euskalgintza, euskaltzaleak —eta Donostian horiek hainbat uharte dira—, eta beste bat da hiriaren dimentsioan zenbaterainoko presentzia dugun.
Amaiur Berra Alfonso (A.B.A.): Zenbateraino den Bagera Donostiako euskalgintza mugimenduetan erreferente, edo zenbateraino diren jakitun Donostiako mugimendu euskaltzaleak Bagerak zertan jarduten duen, zeintzuk diren bere helburuak, eta zein den Bagerak markatuta daukan estrategia euskalgintzari erantzun bat emateko.
M.J.D.: Agian ezagutzen gaituzte, baina ez dakite horrenbeste zertan ari garen.
Ibilbide honetan elkarteak berak izandako indarguneak nabarmendu dituzue?
M.J.D.: Donostian azken hamarkadan esango genuke mugimendu euskaltzaleak beherakada bat eduki duela, eta nahiko joera orokortua da.
A.B.A.: Donostian euskaltzaletasuna egon badago, baina zaletasun hori saretua da, ez da koordinatua.
M.J.D.: Herri mugimenduetan-eta badago. Donostiak badu herri mugimendu euskaldun bat, baina euskalgintza bera, propioki euskararen biziberritzea lantzen duten eragileak aintzat hartzen baditugu, gutxi gara, eta gaudenok dispertsatuta gaude, eta bakoitzaren funtzioak ez dira oso argiak.
Azken urtean eman diren eraso judizialekin eta normalizazioari jartzen ari zaizkion oztopo horien aurrean ikusten ari gara hirian erreakzio bat badagoela, jende bat interpelatuta sentitu dela eta eragile batzuk berriz aktibatzen ari direla. Orduan, aukerak egon badaude mugimendua berriro ere aktibatzeko, eta horrez gain, elkarrekin saretzeko aukerak ere ikusten ditugu.
A.B.A.: Plan estrategiko honen lanketetako bat izan zen definitzea Donostiako sarean zein diren guri ondo datozkigun edo euskalgintzari ondo datozkion elkarlanak, zer eragile ukitzea komeni zaigun, non eduki ditzakegun indarguneak, zein eragilerekin egin dezakegun elkarlan sendo bat, eta abar.
M.J.D.: Naturalki, Bagerak harreman asko ditu Donostiako hainbat eragilerekin: kultur aniztasunean lanean dabiltzanak, mugimendu feminista, euskalgintza, kirol mundukoak, eta abar. Naturalki egiten dugu lan beraiekin, baina nahiko genukeena da harreman hori pixka bat formalizatu eta aldebikoa izatea. Hau da, guk harreman bira bat daukagu aurreikusita, jarri beharko ditugu lehentasunak, baina guk nahiko genuke proposatu gu hemen gaudela, euskararen aldeko edozein dinamika burutu nahiko balute gurekin kontatu dezaketela, eta guk ere beraiei eskakizun batzuk egitea urratsak egin ditzaten euskararen normalizazioari eta sustapenari begira, bakoitzak bere eremuan. Oraingoz aurreko fasean gaude, naturaltasunez egiten ditugun harreman horiek formalizatzera bidean.
Horri ekin aurretik, zeuen burua birdefinitu behar izan duzue?
A.B.A.: Horren lanketa ere egin da. Ikusten zen lanketa hori modu parte hartzaile batean egin behar zela, eta horrela egin da. Orduan, hiru esparrutan egin da lan. Alde batetik, talde zabal batean: Bageraren orbitan dagoen jendea elkartu da. Ez zuzenean Bagerarekin lotura estua duena, baina bai agian euskalgintzarekin. Orduan, 15 pertsonako lantaldetxo bat egin zen eta bertatik hiruzpalau hausnarketa atera dira. Gero, bestetik, zuzendaritza eta Bagerako lantaldeak ere egin ditu beste lanketa batzuk. Azkenik, elkarteko lantaldeak berak ere lan handia egin du hau guztia koordinatzen, hausnarketak proposatzen, gidatzen, dena dokumentu batera eramaten, eta abar.
M.J.D.: Korapilo bat izan da, baina gure xedea zein izan beharko litzatekeen definitu dugu.
A.B.A.: Xedea definitzerakoan, hitzak jarri behar izan dizkiogu denon buruan zegoen zerbaiti, eta horretarako hiru esparru horiek erabili dira, eta hiru esparru horietan egin da lanketa.
M.J.D.: Xedea definitu dugu eta adostu dugu. Herri mugimenduan berresten gara, euskalgintzako gainontzeko eragileekin egin nahi dugu lan, elkarlana nahi dugu izatea gure balio nagusietako bat eta izaera eraldatzaile bat oinarri duen elkarte bat izan nahi dugu.
Bageraren ikuspegiari dagokionez ere, hiru adar definitu dituzue: hiria, komunitatea eta elkartea.
M.J.D.: Txostenean gusturen geratu garen begirada edo ikuspegia izan da. Uste dugu berrikuntza handiena ekartzen duena dela ikuspegian irudi begirada hauek planteatu izanarena. Ez dut gogoan nola sortu zen hausnarketa, baina guk non egiten genuen lan definitzen ari ginenean, argi ikusi zen hiru eremu horiek lantzen genituela, baina ez genituela horrela aitortzen, ez genuela arreta handirik jartzen horretan eta aukera asko ematen zuela hiru eremu definitzeak: egiten ditugun lanketek eta gure plangintzek ikuspegi hori txertatuta izan zezaten.
Batetik, hiria irudikatzen dugu, baina ez esparru geografiko soil baten moduan, hiria da herritarrok gure bizimodua garatzeko tresna bat, eta nolabait hor nahi genuen eragin: hiri bizigarri baten alde, esaterako. Atal horrek hiriari lotutako zenbait helburu barnebiltzen ditu, eta guk gure alea jarri nahiko genuke horietan.
Komunitateari begira lan egiteak ikuspegia ireki digu. Ez soilik Bageraren bueltan edo Bageraren komunitatearen bueltan lan egitean, edo euskaltzaleak diren horiengan lan egitean. Komunitate zabal batekin lan egiteko helburua dugu, eta euskarara gerturatu ahal izatea agian euskaratik urrun dauden horiek ere. Orduan, komunitatea edo hizkuntza komunitate zabal batekin amesten dugu, eta horri begira egin nahi dugu lan.
Elkarteari propio begiratuta, oinarri diren bazkideekin sakondu nahi dugu lanketa, sentiarazi nahi ditugu elkartearen parte: zaindu nahi ditugu, zentzu horretan ere lan egingo dugu.
Eta adar horietako bakoitzari helburu estrategiko batzuk esleitu dizkiozue.
A.B.A.: Ordena alderantziz izan zen: lehendabizi helburu zehatzak definitzen hasi ginen, eta horiek definituta genituenean argi ikusi genuen batzuek erantzuten ziotela hiriari, beste batzuek komunitateari eta beste batzuek elkarteari berari.
M.J.D.: Planaren oinarri dira helburu estrategikoak. Adar bakoitzari hiru helburu estrategiko zehaztu dizkiogu, eta gero horien baitan ja helburu zehatzagoak xehatu ditugu, horiek lotutako lorpen adierazleak eta abar. Honen guztiaren garapena jardunean etorriko da, eta orain dagokigu 2024ko plangintza egitea, eta erronka bat izango da plangintza beste modu batera planteatu beharko dugulako. Hemendik aurrera egiten dugun lana bideratu behar dugu markatu ditugun helburu horien norabidean. Egunerokoak emango digu asmatzen ari garenaren edo ez garenaren berri.
Kontziente gara plana anbiziotsua dela. Erronka potoloak jarri dizkiogula geure buruari, eta lauzpabost urtean ez badiegu erronka horiei guztiei erantzuten, tresna hau baliagarria izango zaigu hemendik hamar urtera ere, berrikusiz eta berrasmatuz, baina bide orri bat markatzen digu.
A.B.A.: 2024ko plangintza pentsatzen hastean, egun dauden proiektuek eta dinamikek dagoeneko erantzun beharko diete helburu estrategikoetan markatutako helburu zehatz batzuei, eta orain badaukagu erreminta ikusteko zein helbururi erantzuten dieten, zein helbururekin sortu ziren bere garaian, eta ikusteko zer helburu geratzen zaigun eskasago edo ez hain landuta, eta zer nolako proiektuak sortu behar diren helburu horietan ere lan egin ahal izateko.