Liderraren aurka jokatuko du Ibaeta Basketek
Erronka handia du Ibaeta Basketek larunbatean, Perfumerias Avenida ligako liderraren aurka jokatuko baitu etxean. Donostiarrek behin baino gehiagotan erakutsi dute ondo jokatuta gai direla edonori irabazteko, eta oraingoan zaleen babesa izango dute horretarako. Irabaziz gero, kolpe indartsua emango lukete mahai gainean. Bestalde, saskibaloiarekin jarraituz, Gipuzkoa Basketek Logroñon (Errioxa, Espainia) jokatuko du larunbatean, Clavijoren etxean. Partida erosoa izan beharko luke donostiarrentzat, goiko postuetan baitaude, etxekoak ligako azken-aurrenak diren bitartean.
Futbolean, Realeko mutilek euskal derbia jokatuko dute larunbatean, Osasunaren etxean. Txapeldunen Ligan jokatutako azken jardunaldian jokalari ohikoenetako gehienei atseden eman ostean, fresko iritsi beharko lirateke txuri-urdinak Sadarrera. Europako postuetan gora egiten jarraitu nahi badute, Imanol Alguacilen mutilek hobe dute hiru puntuekin itzultzea, dena oso parekatuta baitago goiko postuetan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek zein mutilek etxean jokatuko dute asteburuan. Neskek igandean jokatuko dute, Majadahondaren aurka, eta ligako lidergoan garaipen baten bidez are gehiago sendotzea izango dute helburu. Mutilei dagokienez, larunbatean jokatuko dute, Puigcerda aurkari zuzenaren aurka.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Ibaeta Basket — Perfumerias Avenida (larunbata, 2, 18:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 11. jardunaldia
- Clavijo — Gipuzkoa Basket (larunbata, 2, 20:30)
Futbola
Gizonezkoen liga, 15. jardunaldia
- Osasuna — Reala (larunbata, 2, 21:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Txuri Urdin — Majadahonda (igandea, 3, 13:00)
Gizonezkoen liga, 11. jardunaldia
- Txuri Urdin — Puigcerda (larunbata, 2, 14:30)