Milaka isilune
SULTANA’S DREAM (SULTANAREN AMETSA)
Zuzendaria: Isabel Herguera.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Espainia.
Isabel Herguera artista, zuzendari eta ekoizleak Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean egin zuen debuta bere lehen film luzearekin, Sultana’s dream (Sultanaren ametsa). Sail honetan animaziozko film bat aurkeztu duen lehen emakumea da, gainera. Hori litzateke, beraz, filmari aurrez aitortu beharreko lorpen bikoitza.
Zuzendariak berak aitortu duenez, filmaren ideia «kasualitatez» heldu zitzaion, Indiako arte galeria batean Sultana’s Dream izeneko liburu gorri batekin topo egin zuenean. Begum Rokeyak idatzitako istorio bat zen, oso inguru musulman kontserbadorean hazitako emakumea, hezkuntzarako aukerarik izan ez zuena. Bada, Herguerak azaldutakoaren arabera, kosta egin zitzaion bertara nola heldu irudikatzea, baina oso argi izan zuen hasieratik hori zela egin nahi zuen filma.
Eta egin du, nola gainera. Artista bisualak unibertso grafiko liluragarria aurkezten du, gehienbat Indiako institutuetan eman zituen tailerretan bildutako marrazkien bidez sortutakoa. Premisa gogor batetik abiatzen da filma, ‘ez da emakumeentzako toki segururik’, eta makurkeriarik eta zapalkuntzarik gabeko lurralde amestu horretara heltzeko bidaia da. Kolorea, exotismoa eta bizia dario plano bakoitzari, edertasuna kaosean, eta erraz galduko gara pantaila handiaren iradokizunean.
Indargunearen norabide beretik bilatu diot, ordea, ahulgunea ere filmari. Hain zuzen, galtzeko gonbita luzatzen digun horrek berak nahikoa helduleku eskaintzen ez digulako bertan gelditzeko. Argiak dira ideiak eta diskurtsoa, baina printza askoren artean, sakontasunaren falta somatu dut.
Amesten dugunak ere azalpenik behar du tarteka…