Teknoiz edo astrapaladari muga jartzeko beharra
Mugikorraren erabilera goiztiarraz kezkatuta, Zurriola Ikastolako gurasoek Teknoiz taldea sortu zuten 2021ean, kalteen inguruko kontzientzia piztu eta lehen mugikorra eskuratzeko adina atzeratzeko asmotan. Ondorio larriagoak saihesteko, legez arautzea eskatzen dute.
Asier Ugarte, Aingeru Esnaola, Arantxa Bengoetxea eta Leire Erzilbengoa bosgarren mailako guraso gisa elkartzen hasi ziren. Haurren eskola aurreko eta osteko solasaldietan maiz agertzen zen gero eta gertuagoa zuten mugarriarekiko kezka: «Gure ikastolan ohikoa da hamabi urterekin mugikorra erostea. Guk, ordea, hori ez genuen nahi». Hala, Zarautzen ere mugikorraren erabilera atzeratzen ari zirela jakinda, hara jo zuten, eta gaian aditu den Miren Ros hezitzailearekin jarri ziren harremanetan, eskolan informazioa plazaratu zedin: «Epe laburreko helburu bat jarri genuen, gurasoak beldurtu ez zitezen eta gutxieneko konpromisoa egon zedin». Hori horrela, ikasturtea amaitu eta uda pasatu arte mugikorrik ez erosteko ituna egin zuten 5. mailako gurasoek. Hura gainditzean, Gabonetan jarri zuten epe berria, eta urte berria pasatuta, seigarren mailako ikasturte amaierara arte luzatu zuten. Hiru luzapenen ostean, ordea, errealitatearekin egin zuten talka: «DBHko lehengo mailara iristerakoan, ia ikasle guztiek lortu zuten mugikorra».
Kontzientziazio hori zabaltzen huts egin arren, aurrerapenak izan dituztela dio Erzilbengoak: «Nik bi alaba ditut eta gazteenarekin sumatzen da gero eta gehiago daudela mugikorrik gabe. Lehen hiru baziren, orain badira sei edo zazpi». Hala, proiektua bertan behera utzi ez, eta indartsuago dabiltza lanean euren seme-alaben lehen mugikorra atzeratzen jarraitzeko asmotan: «Lehen, 14 urtera iristea zail ikusten genuen, baina orain 16ra atzeratzea lortu dezakegula uste dugu». 16 urteak dira, hain zuzen, adituek lehen mugikorra erabiltzen hasteko gomendartzen duten adina, gurasoen gehiengoak «derrigorrezko bigaren hezkuntza hasi bezain laster» gailua erosten dieten arren. «Hiru hilabetean ume izatetik nerabe izatera pasatzen dira. 12 urterekin gazte heldu gisa ikusten baditugu, zer izango dira 16 izaterakoan?» azaldu dute taldekide batzuek.
Guraso askoren ahotik «izugarrizko matraka» ekiditeko ematen dietela diote. Beste batzuek, ordea, «beharragatik» erosten dutela. Batera edo bestera, aitzakiak baino ez direla iritzi dute Zurriola Ikastolako gurasoek, eta ondoren kudeatu beharreko jarrera eta portaerei bide ematen dietela. Bengoetxeak, esaterako, gogoan du alaba zaharrenak mugikorra estreinakoz jaso zuenean sortu ziren arazoak: «Presioarengatik eman nion, eta mugikorra jaso bezain laster hasi ziren liskarrak. Bere buruarekin erretxindu egiten zen denbora gehiegi pasatzen zuelako gailuarekin, baina baita gurekin ere».
Hori horrela, eskolan jasotako lanketaz gain, etxean bertan haurrekin eta gazteekin patxadaz hitz egitea funtsezkotzat jotzen dute gurasoek: «Zaila da arrazoizko argudioak emanez, galarazpena haien onurarako dela sinistaraztea. Nolanahi ere, gurasoen jarrera irmoa dela ikustean lasaitu egiten dira».
Askotariko kezkak
Mugikorraren erabileraren inguruko zalantzak eta kezkak ugariak dira gurasoen artean, baina albisteek piztu ohi dituzte alarmak, euren ustez. Hain zuzen, eduki pornografiko gogorra eta gorroto mezuak zabaltzen zituen adin txikikoen bi Whatsapp taldek sortu du kezka berriki Donostian, batik bat, hartu duen dimentsioagatik —sei ikastetxeko 1.000 adin txikiko baino gehiago izan dira bi taldeen parte. Teknoiz taldeko gurasoek momentuko olatuak baino ez direla argitu dute, eta denboran zehar landu beharko litzatekeela: «Ez dugu ahaztu behar hau eguneroko kontua dela, eta jasotzen duten edukiaz gain, bullyng-a eta bestelako jarrera desegokiak ematen direla maiz».
Sareetan egiten dutenaz harago, beraien eguneroko bizitzatik galdu dezaketenak kezkatzen ditu batik bat gurasoak. «Pena handia ematen didana da 12 urterekin elkarren artean gelditzen direnean banku batean eseri eta bakoitza bere mugikorrarekin ikusteak», azaldu du Ugartek. Era berean, emozioak kudeatzeko tresna gisa baliatzen dela gaineratu du Esnaolak: «Urduri badaude, lasaitzeko erabiltzen dute. Aspertuta daudenean, aldiz, entretenitzeko. Emozioak kudeatzen ikasten dabiltzan garaian, barne lanketa oro galarazten diegu halako gailuekin». Harremantzeko moduak errotik aldatzen direla uste du guraso taldeak eta «egungo sare sozialetan dauden kanon, aurreiritzi eta espektatibak» urduritasun eta presioak baino ez dituztela sortzen.
Alternatibarik ez, oraindik
Arrisku horiek guztiak hein batean prebenitzeko, ordea, badira alternatibak: mugikor zaharrak edo euren sarbidea eta mugimenduak kontrolatzea, bestek beste. Lehena, erdi bideko tresna gisa baliagarri ikusten duten arren, jakin badakite ez duela arrakastarik izaten. «Nire semeari halako mugikor zahar bat eman nion behin, beharra zuela aipatzen zuelako. Erabili baino, lotsa ematen zion mugikor zaharra etxetik ateratzea»azaldu du Esnaolak. Bigarrena ordea, ez dute bideragarri ikusten, mugikorra ematen zaien momentuan baitira euren jardunaren erantzule: «Nik ezin dut berak egiten duen guztia arakatu, eta ez diot inolako GPSrik edo presoen antzeko eskumuturrik jarriko une oro non dagoen eta zertan dabilen kontrolatzeko. Arduraren aurretik landu behar da hori».
Egoera honen aurrean, erakundeetan jarri dute fokua, gurasoen aburuz haiek baitira gazteen erabilerak mugatu ditzaketen bakarrak. «Nik uste dut lehenago edo beranduago iritsiko dela muga bat jartzeko araudiren bat, baina ordurako berandu izango da guretzat», azaldu du Ugartek. Gizartearen biktimatzat hartzen dituzte,eta, horrenbestez, haurrek teknologiarekiko duten harremana normalizatzeari uzteko: «Erabilera egokiak txikitatik irakatsi eta helduak ere eredugarri izan beharko liratekeela uste dugu». Era berean, helduentzako gailua dela argi utzi behar dela dio Erzilbengoak, adinarekin eskuratzen den zerbait gehiago dela, alegia: «Nik garagardo bat edaten badut seme-alabak inguruan ditudala, ez ditut horretara bultzatzen. Mugikorrarekin, ordea, badirudi hori gertatzen dela, eta ez da hala».
Bide horretan, orain arte egin duten moduan, erabilera egoki baten aldeko kontzientziazioa zabaltzen jarraituko dute bideo, hitzaldi eta galdetegiekin. Azkenaldian, gainera, pegatina berezien egitasmo bat bultzatzen dabiltza. Auzoko komertzioetan jarri eta gune horietan telefonoa erabilgarri dagoela adierazi nahi dute, gazteek horren beharra dutenean hara joateko: «Hurrengo pausoa gainerako ikastetxeekin saretzea izango litzateke, egitasmoa hiriko hainbat auzora zabaltzeko aukera izan dezagun».