Egiako bizilagunek lehengo Dbus zerbitzuak berreskuratu nahi dituzte
Urrian Dbusen autobus linea batzuen ibilbidea aldatu zuten, eta Egia auzoan, 9. eta 42. lineetan izandako aldaketek “ondoez handia” sortu dutela azaldu du Egia Bizirik auzo elkarteak.
Auzo elkartearen iritziz, ibilbide berriek “hirigunetik aldentzen” dituzte Egian bizi direnak: “Alde Zaharretik, Bretxako merkatutik, udaletxetik, Kontxako hondartzatik… aldentzen dituzte”. Horrez gain, uste dute ibilbide berriek “zaildu” egiten dutela linea batetik bestera aldatzea. “Lehen, ia linea guztiak Bulebarrean zeuden, eta erabiltzaileek metro gutxi ibili behar izaten zuten Egiako autobus geltokitik beste autobus lineetara iristeko. Lineaz aldatzeko erraztasun hori desagertu egin da ibilbide berriekin”, nabarmendu dute.
Gainera, 42. lineak aurreko ibilbidearen zati bat galtzen duela azaldu dute, eta erabiltzaileak, adibidez, Zurriolako hondartzatik urruntzen dituela horrek. “Oro har, zerbitzuak lehen zuen kalitatea asko galdu du”, adierazi dute bizilagunek.
Auzoko bizilagunek eskatuta, Egia Bizirik auzo elkarteak sinadura bilketa bat sustatu du lehengo ibilbideetara itzultzeko eskatuz. Egun gutxitan 2.000 auzotarrek baino gehiagok bat egin dute eskaerarekin.
Abenduaren 5ean, asteartea, 12:00etan, Egia Bizirikek sinadura horiek aurkeztuko ditu, elkartearen idazki batekin batera, udal bulegoetan, Easo kalean.