Lau urteko espetxe zigorra, 13 urteko neska bat erasotzeagatik
Lau urteko kartzela zigorrera zigortu dute gizon bat 2009an 13 urteko adingabe bati sexu erasoa egiteagatik. Gertakari horiei buruzko epaiketa izan da gaur goizean, Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan, eta errudunak gertatutakoa aitortu du, akusazio partikularrarekin tratua eginez. Zortzi urteko eskari fiskala zegoen bere kontra.
Kartzelakoaz gain, gizonak 10.000 euroko konpentsazioa eman beharko dio kaltetuari, eta hamar urtez ezingo da harengana hurbildu, ezta harekin komunikatu ere. Halaber, zaintzapeko askatasun egoeran egon beharko du bederatzi urtez, espetxetik atera ondoren.
Gertakariak 2019ko abuztuaren 16ko goizaldean izan ziren. Erasotzailea eta haren biktima –bizilagunak ziren– Donostiako Erdialdetik zebiltzala, helduak adingabearen ipurmasailak ukitzen hasi zen. Jarraian, biak auto baten atzeko eserlekuan eseri ziren, hirugarren pertsona batek gidatuta, eta guztiak Tolosara joan behar ziren, han bizi zirelako.
Ibilbidean, “bere desio libidinosoak asetzeko asmo berak gidatuta”, auzipetuak neskaren bularrak ukitu zituen haren baimenik gabe, eta, gainera genitalak ukitu zizkion arroparen gainetik. Etxera sartzerakoan, igogailuan, gizona adingabea musukatzen saiatu zen, bortxa erabiliz.