Lucas Egibar hirugarren gelditu da Munduko Kopako lehenengo proban
Snowboard Krosseko Munduko Txapelketa hasi zen larunbatean Frantziako Les Deux Alpes eski estazioan, eta Lucas Egibar snowboarder donostiarrak ondo hasi zuen txapelketa, lehenengo proban brontzea lortuta. Horrela, hemeretzigarrenez igo zen Munduko Kopako proba bateko podiumera, eta erakutsi zuen irabaztera doala aurten. Eliot Grondin kanadiarrak irabazi zuen proba, eta Alessandro Haemmerle austriarra izan zen bigarrena. Alvaro Romero donostiarrak ere parte hartu zuen, baina 43. postuan bukatu zuen, eta, beraz, ezin izan zen finaleko txandetarako sailkatu.
Lortutakoarekin “pozik” agertu zen Egibar proba amaitzean: “Finalean nire aurkarietako batek jo nau, ez dakit nork, abiadura handia galdu dut eta ezin izan dut hartu. Pena izan da, behealdean min egin bainezakeen. Hala ere, pozik nago. Iaz laugarren hasi nintzen Munduko Kopako lehen proban eta orain hobeto egin dugu hirugarren postu honekin. Denboraldi honetan, guztiaren bila goaz”.