Xixili izango da San Tomas eguneko txerria
Gero eta gertuago dago San Tomas eguna, eta dagoeneko iragarri dute zein izango den Parte Zaharreko Plaza Berrian jarriko duten txerria: Xixili. Iazko Roxaito txerriaren moduan, Aizarnazabalgo Larraxko baserrian hazitakoa da Xixili, eta astelehenean (hilak 11) egingo dute bisita baserrian, txerria ezagutzeko.
Zestoan (Gipuzkoa) egoitza duen Basatxerri Koop. elkarte kooperatibo eta merkaturatzaileko baserrietako bat da Larraxko, eta basatxerri arrazako txerriak hazten dituzte kooperatibako baserrietan. Landrace (%25) eta Large White (%25) arrazetako emeen eta Kanadako Duroc (%50) arrazako arren arteko gurutzaketa da.
Horrela, kooperatibak lekukoa hartu dio aurtengo urtarrilean hildako Kristina Saralegiri, joan den urtera arte bere Leitzako baserrian San Tomas eguneko txerriak hazi zituenari.