«Benetako 'lifestyle' donostiarra» sustatuko duen ZM-ko lanak martxan dira
Zurriola Maritimo eraikinak, ZM izenez ezaguna, birgaitze lanak hasi ditu egunotan, datorren uda baino lehen ateak ireki ahal izateko. Udalak iaz espazioaren kudeaketa Zurriola Ocean Center izeneko ostalari talde bati esleitu ondoren, kudeatzaileek 710.000 euro inguruko eraberritze lanei ekin behar diete, eta horietatik 300.000 udalak jarriko ditu. Udalak lanak egiteko lizentzia joan den astean eman zuela jakinarazi du Noticias de Gipuzkoa hedabideak.
Eraikin berrituak Zmare izena izango du, eta kirol klub bat hartuko du, “hezkuntza, ingurunearen zaintza, iraunkortasuna eta kirola integratzea helburu duena, salbamenduaren eta sorospenaren eta antzeko ur jardueren bidez”.
Lanen nolakotasunak jasotzen dituen dokumentuaren arabera, akademiaren eremua hiru gela balioaniztunen bidez egituratuko da, eta haien artean elkartu edo kristalezko holtzen bidez banandu ahal izango dira, erabiltzaileen beharren edo kopuruaren arabera. “Irakaskuntzan eta, bereziki, salbamenduan aritzen direnek badakite zer-nolako zailtasunak izaten diren horrelako formazioak antolatzeko, batez ere uretako espazio naturalekin lotutakoak”.
Noski, jatetxeak garrantzi handia izango du eraikin berrian, baian horren gaineko xehetasun gehiegirik ez dute, oraingoz, eskaini. Bowlak eta ahuakate tostak eskainiko dituztela, akaso. Honela jasotzen baitute dokumentuan: “Benetako lifestyle donostiarra itsasoko uretan bainatzen da 08:00etan, bowl bat eta ahuakate tosta bat gosaltzen ditu, prestakuntza jarduera bat garatzen du goizean, ingurumen gaietan inplikatzen da, arratsaldean surfean aritzen da, eta iluntzea Zurriola Ocean Centerreko terrazatik ikusten du”.
Eraikinaren erabilera lagapena hamar urterako da, eta 2033ko abuztuan amaituko da, baina 2042ra arte luza daiteke, udalak hala nahi izango balu.