'Cante' flamenkoak Antzoki Zaharra hartuko du igande honetan
Igande honetan, hilak 10, cante flamenkoaren XXII. lehiaketa egingo da Antzoki Zaharrean. Lehiaketa 18:00etan hasiko da, eta sei kantarik hartuko dute parte —horietako bi, donostiarrak—. Gainera, Rubio de Pruna kantariak ere emanaldian parte hartuko du.
Cristina Lage Aniztasun zinegotziaren hitzetan, hirian “gero eta afizio eta aditu” gehiago dago, eta flamenkoa dagoeneko hiriko kulturaren parte ere badela nabarmendu du: “Ez dago kultur aniztasuna baino gauza hoberik”.
Hastapenetan, Montxo Jimenez aritu zen lehiaketa antolatzen, eta egun haren bi seme Juan Carlos eta Montxo aritzen dira zeregin horretan. Juan Carlosek aipatu du “urte askotako lanak” eraman duela lehiaketa “bermatzera”: “Hasieran oso lan gogorra izan zen: nire aitak flamenkoa hona ekartzeko borroka egin zuen, hemen flamenkoaren ikuspegi okerra zegoelako. Estereotipo hori hautsi eta flamenkoa kulturen arteko zubi bihurtu zuen”.
Montxok, bestalde, flamenkoak ijitoentzat duen erabilera goraipatu nahi izan du: “Uste dugu flamenkoa bidegabekerien aurka azaltzeko modu bat dela: eskubideen urraketak, gerrak, jazarpenak, ijito herriarekiko gorrotoa, eta abar”.